Elkarrizketa

«Kirolean, eta oro har, bizitzan, burua da erreminta garrantzitsuena»

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko uztailaren 16a

Datorren denboraldian Ferrolgo Racing talde galiziarrean ariko da Ander Gorostidi futbolari tolosarra; erronka argia da: bigarren mailara igotzea. Azken bi denboralditan oso gertu izan du helburu hori.

Ander Gorostidi Garcia (Tolosa, 1996) futbolariak urtebeteko kontratua sinatu du Ferrolgo Racing (Galizia) klubarekin. Azken bi denboraldietan bigarren mailan aritu da taldea, baina ekainean jaitsi zen. Gorostidik, Tarragonako Nastic (Katalunia) taldearekin bi denboraldiz jarraian hatz puntekin ukitu du bigarren mailarako igoera; aurrez ere jokatu du maila horretan. «Hirugarrenean lortzen dela diote», esan du. Azken sasoiez, orain arte egindako ibilbideaz eta etapa berriaren inguruan aritu da.

Zer sentsazio izan zenituen Sanseren aurka bigarren mailara igotzeko azken kanporaketa galdutakoan?

Tristura eta pena handia sentitu nuen. Futbola horrela da; batzuetan galdu, besteetan irabazi. Denboraldi amaieran, nekatuta zegoen taldea. Aurtengo denboraldia oso luzea izan da; hamaika hilabete iraun du. Horrez gain, ia ez dugu atsedenik izan azken bi denboraldietan. Bi urtez jarraian igoera faseko azken kanporaketara iritsi ondoren, helburua hain gertu ikustea eta ez lortzea oso gogorra da.

Helburua gertu izan zenuten. Zure ustez, zer izan zen gakoa?

Joaneko partida, etxean jokatu genuena. Hor galdu genuen kanporaketa. Ez zen gure partida onena izan, eta Realak gure akatsak aprobetxatu zituen. Min handia egin zigun. Itzulerakoan, bestalde, partida oso ona egin genuen Zubietan. Zaila zen, baina ez genuen esperantza galdu, eta borrokatu genuen.

Hiru urte egin dituzu Nastic taldean. Zer moduzko urteak izan dira?

Lehen urtea nahiko gogorra izan zen, batez ere, alor pertsonalean. Asko kostatu zitzaidan taldera eta egoerara egokitzea. Bigarren urtea ez nuen oso ondo hasi, baina gustura nengoen, eta denboraldi polita burutu genuen; gertu izan genuen helburua. Eta azken urtea politena izan da. Denboraldia hasi aurretik zenbait eskaintza baztertu nituen, eta taldean jarraitzea erabaki nuen. Handik aurrera, zaleen eta taldekideen babesa eta maitasuna sentitu nituen. Berez, bi urterako hitzarmena sinatu nuen, baina beste denboraldi bat egiteko aukera eskaini zidaten, eta onartu egin nuen. 

Eta, gainera, ondo aprobetxatu duzu. Aurtengoa izan da zure denboraldirik onena.

Bai. Bost gol egin ditut eta, oker ez banago, minutu gehien jokatu dituen jokalaria izan naiz; 3.200dik gora izan dira.

Hori jakinik, ez al duzu jarraitzeko eskaintzarik izan?

Bai, baina aurrekontua txikiagoa izango du taldeak, eta kirol proiektua ere ez zitzaidan anbizio handikoa iruditu.

Eta zergatik erabaki duzu Ferrolgo Racing taldera joatea?

Duen proiektuagatik. Eskaini zidatenean oso interesgarria iruditu zitzaidan. Alor pertsonalak ere izan du eragina erabakian, nire bikotekidea galiziarra baita.

Bigarren mailatik jaitsi berri da taldea. Mailaz igotzea izango da erronka, ezta?

Hala da, bai. Bi urte egin ditu bigarren mailan, eta aurten, mailaz igo ahal izateko, talde indartsua osatu nahi dute.

Dagoeneko hamar fitxaketa egin ditu. Hori ona al da?

Talde berria izango da, guztiz. Eskaintza jaso nuenean, zalantzak izan nituen, eta hori transmititu nion zuzendaritzari. Hala ere, lasai egoteko esan zidaten. Gainera, fitxatu dituzten jokalariak oso onak iruditzen zaizkit. Horietako batek nirekin jokatu du Nasticen, eta harreman handia dut berarekin. Bestetik, entrenatzaileari buruz hitz onak besterik ez ditut entzun.

Taldea ezagutzen duzu edo jarraitu duzu aurten?

Bi lagun aritu dira bertan jokatzen, baina taldea ez dut ondo ezagutzen. Erreferentzia onak ditut. Hiri txikia da Ferrol, baina pasioz bizi dute futbola.

Eta alor pertsonalean, zein izango da zure helburua?

Egia esan, gozatzea; hori lortuz gero, gauzak ondo egiten ariko naizenaren seinale. Noski, bigarren mailara igotzea lortuz gero, hobe. Hala, gainera, bi urtez luzatuko lidakete kontratua.

Zer eman ahalko diozu taldeari?

Oraindik gaztea kontsideratzen naizen arren, uste dut, batez ere, esperientzia eman ahalko diodala. Urte asko pilatzen ari naiz maila berean, eta esperientzia beti izaten da ezinbesteko ezaugarria edozein taldetan.

Erdilaria zara, eta orain arte, erdiko zenbait postutan jokatu izan duzu. Non aritzen zara gusturago?

Atzeko erdilariaren aurretik aritzen naiz erosoen, aurkarien areara iristeko aukera izaten dudalako.

Realaren bigarren taldean Imanol Alguacilekin aritu zinen. Zer falta izan zitzaizun lehen taldean jokatzeko?

Lau hilabetez jarraian aritu nintzen lehen taldearekin entrenatzen; astelehenetik ostiralera entrenatzen genuen, eta asteburuan, bigarren taldearekin jokatzen nuen. Heldutasun puntu bat falta izan zitzaidan, ahal nuela sinestea. Jauzia emango nuenaren esperantza zuten, eta apustu sendoa egin zuten, bi aldeek lau urterako hitzarmena sinatu genuelako.

Hala ere, buruak ez ninduen lagundu, eta hori ezinbestekoa da. Etxean bizi zarenean, eta erraztasun handia duzunean, erosoegi sentitzen zara, eta aipatutako heldutasun puntu hori falta zaizu. Hasieran, ez nuen sinesten lehen taldean jokatzeko aukera izango nuenik. Debutatu behar nuen astean, min hartu nuen. Bi denboraldi-aurre galdu nituen lehen taldearekin, lesio banagatik. Bigarren taldeko azken urtean, oso ondo jokatzen ari nintzen, baina, bateko adinagatik, eta besteko koronabirusagatik ezarritako arauengatik, ez nuen zorterik izan. Bestela, lehen taldearekin egingo nuen denboraldi amaiera. Aukera eman zidaten, baina ez nuen aprobetxatzerik izan. Behintzat, esan dezaket, zortea izan nuela, lehen taldearekin aritzeko aukera izan nuelako, eta beste batzuek, hori ere ez dute izaten.

Behintzat, Bigarren Mailan jokatu ahal izan zenuen, Alcorconekin.

Zenbait eskaintza izan nituen. Astebetean, lauzpabost taldetatik deitu ninduten, eta azkenean, Alcorconen jokatzea erabaki nuen. Lehen denboraldian maila onean aritu nintzen, eta partida asko jokatu nituen. Bigarren urtean, ordea, min hartuta hasi nuen denboraldia, eta ez nuen erregulartasunik izan, eta asko nabaritu nuen erritmo falta. Taldeak ez zuen maila ona eman, eta entrenatzaile aldaketak tarteko, minutu gutxi izan nituen. Denboraldi txarra izan zen. Abenduan, denboraldi erdialdera, beste talde batera utzita joateko aukera luzatu zidan taldeak, baina jarraitzea erabaki nuen. Gero, baina, 80 minutu soilik jokatu nituen denboraldiaren bigarren erdian. Amaieran, maila galdu genuen.

Nasticen, beraz, esan daiteke ilusioa berreskuratu duzula?

Bai. Madrilen egindako bigarren denboraldia pertsonalki oso gogorra izan zen. Ia ez nuen jokatzeko aukerarik izan. Zenbait aukera begiratu nituen: maila bereko beste taldeetan, atzerriko ligatan... Hala ere, nire burua ez nuen ikusten atzerrian jokatzen. Azkenean, talde historiko batera joatea erabaki nuen. Aukera gehiago ere izan nituen, Eldensetik, esaterako. Eskaintzak ez ninduen erakarri, eta azkenean, bigarren mailara igo zen. Nasticen lehen denboraldia burutu ondoren, eskaintza berriak jaso nituen, Ceuta eta Andorra taldeenak, baina denboraldi bat gehiago egitea erabaki nuen, gutxigatik ez genuelako lortu bigarren mailara igotzea, eta arantza hori kendu nahi nuelako. Bada, bi talde horiek mailaz igo dira, eta guk ez dugu helburua lortu.

Aurten, Galiziatik ez ezik, eskaintza gehiago izan dituzu?

Bai. Maila bereko klubetatik eta Belgikako eta Albaniako lehen mailetako talde banatik ere jaso ditut eskaintzak. Azkenean, baina, maila berean jokatzea erabaki nuen, egonkortasunagatik.

Hamargarren denboraldia egingo duzu maila erdi-profesionalean; horietatik bi, bigarren mailan. Zer ikasi duzu urte hauetan guztietan?

Kirolean, eta oro har, bizitzan, burua dela erreminta garrantzitsuena. Mentalki indartsu egonez gero, errazagoa da norberaren baliabideak zukutzea. Lesioek ez dute batere laguntzen. Estres handia bizi dugu kirolariok, eta emozioak kudeatzea ezinbestekoa da, momentu onetan zein txarretan. Psikologo batekin landu dut hori, bi urtez, eta asko ikasi dut. Orain, gehiago gozatzen ari naiz futbolaz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!