Atzo irabazitako bandera lau haizetara zabalduz iritsi dira kalejiran Tolosako Plaza Zaharrera eskualdeko arraunlariak, txaranga aurrean eta herritarrak atzean zituztela. Historia egin du Tolosaldeako traineruak. Izan ere, Euskotren Ligan lehen aldiz irabazi du bandera, eta ospakizun ederra egin diete herritarrek Tolosan.
Atzo sekulako erakustaldia eman zuten eskualdeko arraunlariek, Donostian jokatu zen IX. Fabrika Banderan. Eskualdeko ontziak azken metroetan bi segundoko aldea atera baitizon Oriori, garaipena eskuratuz. Hala ere, gaurkoa ere ez da gutxiagokoa izan. Zierbenan izan dute goizean estropada, eta laugarren egin du Tolosaldeak, hamaika minutu eta segundo batera. Gaurko estropadako irabazle izan diren Arraun Lagunetik ia 17 segundora geratu dira. Sailkapen orokorrean, aldiz, hirugarren jarraitzen dute, 24 punturekin.
Datorren asteburuan hurrengo bi banderak izango dituzte jokoan; larunbatean, II. Gertu Eraikuntzak Bandera izango dute jokoan Pasai Donibanen, eta igandean, berriz, Orion izango dira Orio Kanpina XIII. Bandera jokoan dutela.
Euskotren Ligako sailkapena:
- Arraun Lagunak. 30 puntu.
- Orio: 28 p.
- Tolosaldea: 24 p.
- Zumaia: 16 p.
- Hibaika: 15 p.
- Astillero: 13 p.
- Donostiarra: 9 p.
- Hondarribia: 9 p.