Tolosako Ferialekua Gipuzkoako hondartzako boleibol jokalarien bilgune izaten ari da gaur. Egun osoan zehar, emakumezkoen senior eta jubenil mailako Gipuzkoako 2x2 Hondartzako Boleibol Txapelketak jokatzen ari dira. Gipuzkoako Boleibol Federazioak eta Tolobolei klubak elkarlanean antolatu dute, eta guztira, 25 bikote ari dira parte hartzen.
Senior mailan, sei bikotek eman dute izena. Antolatzaileen iritziz, gutxi dira; gehiago izatea aurreikusten zuten. Gainera, junior mailako txapelketa ere antolatu nahi zuten, baina bikote kopuru urria ikusirik, senior mailara pasa dituzte. Jubenil mailan, berriz, 14 bikotek eman dute izena, eta lau multzotan banatuta jokatu dute lehen fasea.
Etxekoak, bikain
Tolobolei klubeko bi jokalari ari dira txapelketa jokatzen, elkarrekin bikotea osatuz: Maddi Mokoroa eta Udane Fernandes. Goizean, multzoen faseko hiru partida jokatu dituzte, eta hirurak irabazi dituzte: 21-17, 21-15 eta 21-14. Etxeko bikotea, beraz, bikain ari da. Arratsaldean, kanporaketak jokatuko dituzte.