Guztiz berriztagarria den galdara, Gorosabel eraikinean

Ataria 2025eko uztailaren 10a

Biomasazko galdara berria jarriko dute udazken-negurako, eta horretarako, ia 180.000 euroko inbertsioa egingo du udalak.

Udal jabetzako eraikinetan jasangarritasuna eta eraginkortasuna hobetzeko beste obra baten berri eman du Tolosako Udalak. %100 berriztagarria den galdara berria jartzeko lanak hasi ditu Gorosabel eraikinean; besteak beste, Musika Eskola eta Aitzol Udal Euskaltegia daude bertan. «Efizientzia energetiko hobea duen sistema aukeratu da. Orain arteko galdara gas bidezkoa zen; berria, aldiz, biomasazkoa izango da», azaldu dute.

Obra egiteko, 179.413,72 euroko inbertsioa egingo du udalak. Horretarako, 105.350 euroko diru laguntza jaso du, ekonomiaren hainbat sektoretan energia berriztagarri termikoen instalazioak ezartzeko pizgarri-programaren barruan, zeina Europar Batasunaren Next Generation EU funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan sailkatzen den.

Lanek bizpahiru hilabeteko iraupena izango dutela esan dute, datorren udazken-negurako prest egon dadin. Galdara berria jarriko dela aprobetxatuz, erradiadoreen tenperatura urrutiko kontrol bidez egokitu ahal izateko sistema jarriko du udalak, energiaren kontsumoa murrizteko helburuarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!