41 eraikin babestu ahal izateko urratsa eman du udalak

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko uztailaren 10a

Ezkerrean, Oyarbide ostatua, eta eskuinean Gorriti Plazako 4 zenbakiko eraikina; lehena, katalogoan sartzeko aukeratu dute, baina bigarrenak ez du nahikoa balio jaso.

48 eraikin aztertu dituzte, txalet izaerako 19, 26 bizitegi-eraikin eta hiru eraikin instituzional, eta ondorioztatu dute zazpik ez dutela babesteko adinako baliorik.

Ekaineko osoko bilkuran, Tolosako hiriguneko eraikin esanguratsuak Ondarearen Udal Katalogoan sartu ahal izateko aurrez egindako ondare-azterketaren espedienteari amaiera ematea erabaki du udalbatzak. Gehiengoz onartu da erabakia, udal gobernuaren aldeko bozkekin eta oposizioko udal taldeen abstentzioarekin.

Udalak iaz abiatu zuen Tolosako Ondarearen Udal Katalogoan hiriguneko txalet tipologiako eraikinak, bizitegi-eraikin kolektibo zein eraikin instituzionalak barneratzeko espedientea. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritzak eta udaleko arkitekto taldeak egindako proposamenak hartu dira oinarri modura.

Guztira, 48 eraikin aztertu ditu udalak: hasieran aurreikusitako txalet izaerako 19 eraikin, 25 bizitegi-eraikin eta hiru eraikin instituzionalak, eta gerora gehitu zitzaien beste bat, Santa Klarako 1 zenbakian dagoen Mokoroa etxea. Horietako bakoitzaren ondare-azterketa eta fitxa bana osatu dute, bakoitzaren ezaugarri historikoak, bilakaera, eta balioaren ondorioak jasoz.

Egindako azterketak ondorioztatu du zerrendako zazpi eraikinek ez dutela babesteko adinako baliorik, Eusko Jaurlaritzako zerrendan egon arren. Horiek dira Guadalupe fabrikako langileen etxebizitza, Felipe Gorriti plaza 4, San Frantzisko pasealekua 35, Igeralde Etxea 17-19, Bizkaia Taldea 11-15, Santa Klara 3 eta Zumalakarregi pasealekua 3-4 zenbakiak. Obra sakonak jasatea eta jatorrizko eraikinarekin alderatuta guztiz moldatuta egotea, garaiko eraikinen izaera irudikatzeko balio txikia edota informazio historikorik ez izatea dira, besteak beste, babes hori ez emateko arrazoiak.

San Frantzisko 37 zenbakiko eraikina, Jesusen Bihotzaren Etxea delakoa, jada babestua dagoen eraikina dela kontuan hartuta, azterketak 41 eraikin babestea ondorioztatzen du, beraz. Horien artean daude, Gorriti plazako Oyarbide ostatua, Kondeaneko Aldapako Ibai-gain, Oriaburu eraikina, Arkaute Etxea, eta aipatutako Mokoroa etxea eta Jesusen Bihotzaren Etxea.

Udalak, oraingoz, eraikin horiek babestu ahal izateko aurretiazko lana egin du, hau da, oraindik ez daude babestuta. Hori egin ahal izateko, hurrengo urratsa abiatuko dute aurki, Ondarearen Udal Katalogoa osatzeko espedienteari hasierako onespena ematearekin batera.

Zenbait desadostasun

Gaiaren konplexutasuna ikusita, bozkatu aurretik, EAJk eta PSE-EEk gaia bilkurako puntutik ateratzea eskatu zuten osoko bilkuran. «Batzordean bozkatu genuena eta orain bozkatuko duguna ez dira gauza bera; irizpenak nahasten ari gara», esan zuen Xarles Iturbe zinegotzi jeltzaleak. Joxe Mari Villanueva alderdi sozialistako zinegotzia «ados» azaldu zen Iturberekin. «Gauza asko ez genituen aurreikusten, eta teknikariek emandako zenbait azalpen oso eskasak iruditu zitzaizkigun; genituen zalantzak ez zizkiguten argitu», adierazi zuen.

Ander Figuerido EH Bilduko zinegotziak «harrituta» zegoela erantzun zien. «Bozkatu behar duguna ez da katalogoaren aldaketa, eta ohar horiek katalogoan sartu ala ez erabakitzea, orain arte egindako lanaren ondorioz, eraikinen azterketak eta dagokien fitxak, espedientea bukatutzat ematea baizik. Gerora etorriko da fitxa horiek katalogoan sartu eta nola sartu erabakitzea». Azkenean, abstentziora jo zuten oposizioko alderdiek. «Guretzako nahikoa zen gaia berri ematekoen atalera eramatea», arrazoitu zuen Iturbek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!