Ander Martinez de Rituertok 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketa irabazi du

Ataria 2025eko uztailaren 8a

Lau atleta tolosarrek parte hartu dute txapelketa horretan, eta Manex Civicok hirugarren egin du bere proban.

Ander Martinez De Rituerto Realeko atleta tolosarrak 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketa irabazi du pertika jauzian, asteburuan, 5,40 metroko jauziarekin. Super Amara BAT taldeko Mario Estanga tolosarrak ere pertika jauzian parte hartu zuen, eta zortzigarren postua lortu zuen 4,90 metroko jauziarekin.

Podiuma zapaldu zuen txapelketa horretan Manex Civico Tolosa CF-ko tolosarrak 3.000 metro oztopoetan, 8.48,15eko denborarekin hirugarren eginez. Tolosa CF-ko beste atleta batek ere parte hartu zuen, Ane Martin tolosarrak, eta seigarren postua lortu zuen 1.500 metroko proban, 4.30,95 eginez.

Emaitza horiekin, Martinez de Rituertok eta Civicok 23 urtez azpiko Europako Txapelketan parte hartzeko aukera lortu dute. Txapelketa Bergen herrian (Norvegia) jokatuko da, uztailaren 17tik 20era.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!