Atzera begira

TSST autobus konpainiaren ibilbidea

Xanti Saizar 2025eko uztailaren 9a

TSST seinalea zezen plazaren alboan dago egun.

Tolosaldeko biztanleentzat ezaguna da TSST autobus berdeen irudia; 110 urtetan Donostia bitarteko garraio zerbitzua eskaini du. 2024. urtean likidatu eta desagertu zen konpainia.

Azpeitian dagoen Euskotren Museoko zuzendaria den Juanjo Olaizolak eta Donostiako historian aditua den Javier Sadak argitaratutako zenbait liburu eta artikulutan TSST buruzko aipamen asko topatu ditu Ataria-k. 1863-64 urteetan Norteko Ferrokarrilak Madril eta Paris lotu zituen, Gipuzkoa zeharkatuz. Hiriburuak handitzen ari ziren eta 1880ko eta 90eko hamarkadetan, Bilbo eta Donostian, mandoen indarrez mugitzen ziren tranbiak martxan jarri zituzten barne garraiorako eta, 1896 urtean, elektrifikatu egin zituzten. Herri arteko tranbiak sortzeko nahia ere piztu zen, bai merkantziak eta baita bidaiariak ere garraiatzeko. 

Donostia-Tolosa

1897. urtean Andoaingo Zulueta eta Isasi eta Tolosako Limousin enpresariek Donostia eta Tolosa bitarteko tranbia zerbitzua martxan jartzeko aukera aztertu zuten. 

1899an Leonardo Alberto Monigatti enpresariak eskaera egin eta 1902. urtean 60 urterako kontzesio administratiboa lortu zuen. Baina, tranbia zerbitzua gauzatzeko egin beharreko obra guztia bere gain geratu zen. 1904ko abuztuaren 27an Compañia del Tranvia Eléctrico de San Sebastian a Tolosa (TSST) sortu zuten, baina ezin izan zuten dirua bildu. 

TSST konpainiaren akzioak eta kontzesioa, Bruselan 1910. urtean sortutako Societe Anonyme de Tramways Electriques Biarritz-San Sebastian-Tolosa konpainiak bereganatu zituen. Asmo handiekin sortutakoa, baina Donostia-Andoain-Tolosa bitarteko linea bakarrik burutu zuen, Frantzian baimenik lortu ez zuelako.

1910eko uztailean obrak hasi ziren eta 1911ko abuztuaren 16an Andoain bitarteko zerbitzua inauguratu zuten. Andoainen ere kokatu ziren kotxetegiak, tailerra eta zentral elektrikoa, Leitzarango ur saltotik lortutako argindarrarekin funtzionatzen zuena. Tranbiak Belgikako Charleroi tailerrean eginak ziren eta 40 bidaiarirentzako tokia zuten.

Garaiko Novedades aldizkariak, 1912ko abuztuaren 27an Tolosarainoko linearen inaugurazioaren berri eman zuen. 15:00etan Bulebarretik bi tranbia dotoreak abiatu ziren, agintari, prentsa eta gonbidatuz beteta, eta ordu eta erdiko bidaiaz gozatu ondoren iritsi ziren Tolosara. Harrera bikaina izan zen. Argazki batean ikus daiteke jendetza bildu zela, agintariak eta Musika Bandarekin batera, ongietorria emateko.

Oria bailaran kokatzen ziren paper fabrika, ehungintza lantegi edota Cementos Rezola enpresei Donostia eta Pasaiako portuetara bere merkantziak garraiatzeko aukera eman zien eta 1925 urtean, adibidez, TSST ren sarreren %52 hortik lortu zuten, bidaiariak garraiatzetik baino gehiago. Merkantziak garraiatzeko 78 bagoi zituzten, mota guztietakoak. Baina, 30eko hamarkadan, krisi ekonomikoak eta errepideetan garraio mekanikoen ugalketak eraginda, tranbietan egiten zen merkantzien garraioa asko gutxitu zen, hurrengo hamarkadetan ia desagertu arte. 

Trolebusa 1944 urtean.

36ko gerra amaiturik, TSST konpainiaren akzioak Zaragozako Escoriaza enpresak erosi zituen eta tranbia berriak ekarri zituen.

1968an trolebusak kendu eta autobusak jarri zituzten. Hala ere, urte batzuetan elektrifikazioa eta azpiestazioak mantendu zituzten, 1975. urtera arte ez baitzuten kentzeko baimena jaso.

Gobernuak tranbiak kendu eta trolebusak jartzeko agindua eman zuen. Hiru fasetan gauzatu zen: 1948an Tolosa eta Andoain bitartean, 1949an Andoain eta Lasarte bitartean eta 1950ean Lasarte eta Donostia bitartean. 1951n trolekamioiak ere jarri zituzten, Bazkardoko harrobitik Añorgako Cementos Rezolara harria eramateko. Argindarra ziurtatzeko, Añorga, Lasarte, Andoain eta Tolosan azpiestazioak jarri zituzten eta, logistika arrazoiengatik, Lasarten kokatu zituzten tailer eta kotxetegi berriak.

Orain, garraio publikoaren kudeaketa aldundiko Lurraldebusen esku dago eta 2021 urtean, Tolosa Donostia bitarteko autobusen zerbitzua Alsa Transitia taldeari esleitu zion. 2024 urtean likidatu eta desagertu zen TSST konpainia. 

Tranbiaren geltokia Tolosan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!