112. urtez, sanferminak txistuarekin girotzen

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko uztailaren 7a

Tolosako Udal Txistulari Bandako kideak, goizean, Iruñeko Kale Nagusian, bertako txistulariekin. ATARIA

Tolosako Udal Txistulari Bandak 112 urte egin ditu Iruñeko sanferminetan; gaur, San Fermin eguneko prozesioan parte hartu dute, eta datozen egunetan ere alaituko dituzte kaleak.

Asko dira eskualdean San Ferminak bertatik bertara bizitzeko Iruñera joatea erabakitzen dutenak. Egunez bizitzen dituzte askok; batzuek, baita gauez ere. Beste zenbaiti, baina, lan egitea egokitzen zaie. Hori da Tolosako Udal Txistulari Bandaren kasua. Hura izango da Iruñeko Udalak kontratatutako musika talderik zaharrenetakoa, zaharrena ez bada. Izan ere, aurten, 112 urte egin ditu sanferminetan. Dokumentuetan jasota dagoenaren arabera, txistulari bandako kideak ofizialki 1913an joan ziren lehen aldiz Nafarroako hiriburuko jai entzutetsuetara.

Askok diote munduko festa berezienak eta onenak direla sanferminak, beste inon bizitzen ez den giroa izaten delako Iruñean. Txistulari bandako kideentzat ere bereziak dira horregatik, baina baita bertako txistulariekin duten harremanagatik ere. «Oso ondo zaintzen gaituzte», esan du Ion Garmendia Anfurrutia, Tolosako Udal Txistulari Bandako zuzendariak. Tolosarrak Iruñera joaten diren moduan, San Joan egunean, iruindarrak Tolosara etortzen dira. Horrela, urteen poderioz, txistua jotzetik haragoko harremana sortu da bi taldeen artean.

Aurtengo sanferminei dagokionez, atzo heldu ziren tolosarrak Iruñera. Gaur San Fermin eguneko prozesioan aritu dira txistua jotzen, eta hilaren 11ra bitarteko egunetan, kalejirak egingo dituzte, 11:00etan hasi eta bazkalordura arte, Alde Zaharrean. Kalejiran ateratzeaz gain, iluntzero, 21:20 aldera, pieza dantzagarriak joko dituzte Gaztelu plazan. Txistulariek aitortu izan dute «giro bikaina» izaten dela eta jende ugari bertaratzen dela. Asteburuan, 12an eta 13an, atseden hartuko dute, eta 14an, astelehena, berriro itzuliko dira Iruñera lanera.

Garai batean, festetako egun guztietan jotzen zuten Tolosako txistulariek, zenbait ekitalditan, hala nola, diana, prozesio, dantzaldi nahiz kalejiretan. Duela 15 urte inguru, baina, udalak zenbait betebehar kendu zizkieten txistulariei, aurrekontua murriztu behar izan zuelako, eta gaur egun, prozesioan, eguerdiko kalejiran eta iluntzeko dantzaldian jotzen dute. Iruñean jende askok ezagutzen dituztela eta aitortza sentitzen dutela ere nabarmendu izan dute Tolosako txistulariek.

Omenaldia eta oroigarria

2013an, omenaldia egin zioten txistulari bandari Iruñeko udaletxean, mendeurrena betetzeagatik. Iruñeko udal ordezkariek oroigarri bat eman zien. Txistulariekin batera, orduko Tolosako udal ordezkariak ere izan ziren omenaldian: Ibai Iriarte alkatea, eta Lore Agirre eta Igor Ezenarro zinegotziak.

Iñaki Letamendiak, Tolosako Udal Txistulari Bandako zuzendari ohiak 50 urtetik gora egin zituen Iruñeko sanferminetan txistua jotzen. Garmendia, berriz, 1997an joan zen lehen aldiz, 17 urterekin. Aurten, beraz, 28. aldia du bertan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!