Jon Ander Peña txapeldun, Lau eta Erdiko San Fermin Txapelketan

Ataria 2025eko uztailaren 7a

Sari banaketaren unea, Peña II.ak txapela buruan duela. EITB

Partida gogorra irabazi dio tolosarrak Zabalari, 22-20 gailenduz. Bederatzi tanto atzetik joan arren, 7-16, partidari buelta ematea lortu du Peña II.ak.

Lau eta Erdiko San Fermin Txapelketako final gogorra eta lehiatua irabazi du Jon Ander Peña tolosarrak. 22-20 gailendu da Javier Zabala errioxarraren aurka Nafarroa Arenan jokatutako finalean. Tanto luze eta gogorrarekin hasi dute partida, eta bi pilotariei sufritzen ikusi zaie fisikoki. 7-9ko markagailura arte nahiko berdindua zirudien partidak, baina hor Zabala agintzen jarri da eta 7-16 jarri da. Peña II.aren susperraldia iritsi da une horretan, eta hamar tanto segidan egin ditu, 17-16 aurretik jarriz. Errioxarrak ez du amore eman eta hiru tanto eginez 17-19 jarri da. Baina Peña II.ak eutsi egin dio, eta lau tanto eginez 21-19raino iritsi da. Orduan ezin izan du errematatu partida, eta Zabala tanto batera gerturatu zaio. Azkenean, tolosarrak egin du tantoa eta txapel garrantzitsua lortu du. Iaz Altuna III.aren aurka 22-21 galdu zuen Peña II.ak, baina aurtengoan txapela janztea lortu du. Gainera, Baiko Pilota enpresako pilotari batek txapela ez zuenetik janzten zazpi urte pasa dira.

Asko sufritu du tolosarrak finala irabazteko: «Gaur bezala ez dakit inoiz sufritu dudan, batez ere buruz. Berak gero beheraldi bat izan du, eta azkenean lortu dut irabaztea. Bera oso aurretik ikusi duenean, hobeto sentitu naiz, gorputzari buelta eman diot, gehiago arriskatu dut eta ondo atera zait». Sake-errematearekin ez duela asmatu gaineratu du: «Sakearekin ez dut asmatu, errematean batez ere. Lana egiten badakit baina ez da nire alderik indartsuena. Bera nagusi izan da hor. Gero, bera urrundu denean, sake-errematean mina egin diot eta lortu dut berdintzea».

Finala «ikaragarri gogorra» izan dela azaldu du Peña II.ak, eta bere botilero bezala aritu den Eneko Labaka abizturtarrari eskerrak eman dizkio: «Enekok aulkian sekulako mesedea egiten dit. Eta gaur ere horrela izan da. Mezu negatiborik ez dit eman, eta burua ondo mantendu dit, eta berari eskerrak eutsi egin diot. Gorputzaldi txarra nuen, eta fisikoki sufritu dut». Txapel garrantzitsua lortu du tolosarrak, eta bere maila aldarrikatzeko balio izan dio: «Nik garbi dut hor goran egoteko mailan nagoela, egon nahi dut eta honek erakusten du hor nagoela».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!