Bizi ditugun espazioek nola eragiten diguten aztertzen du Maria Otegik (Tolosa, 1975) feng shuiaren bitartez. Hainbat ikastaro ere ematen ditu, eta bere zerbitzuen eta ikastaroen berri Mariaotegui.com webgunean eta @interiorismoyfengshui Instagram kontuan zabaltzen ditu.
Interiorismoa ikasi zenuen, eta une batean feng shuiren inguruan interesa sortu zitzaizun. Nolatan?
Interiorismoan 26 urte inguru daramatzat eta betidanik energiaren mundua erakargarria egin zait. Txikitatik dakarkidan zerbait da. Momentu batean geobiologia eta geometria naturalean prestakuntza egiteko aukera izan nuen, urtebetez, espazioak-eta lantzeko. Eta, pentsatu nuen, zergatik ez elkartu nire bi pasioak: nire lana eta energiarekin dudan nire barruko pasio hori. Beti entzun izan nuen feng shuiaz, baina neure buruak esaten zidan agian arau jakin batzuk bete beharko zirela, eta agian nire sormena mugatuko zidala. Gero, sartu nintzenean eta aztertu nuenean, eta gertutik ezagutu nuenean, konturatu nintzen filosofia zabal bat zela, bizitzeko modu bat ere, eta sormena esnatzen zidala. Behin barneratuta nuenean informazio hori guztia, asko anplifikatzen zen diseinatzeko nire gaitasuna.
Feng shui terminoa entzutea ez da hain arrotza egiten gaur egun. Baina zer da zehazki, nola azalduko zenuke?
Feng shui hitzek haizea eta ura esan nahi dute. Feng shuiak nahi duena da energia haizea eta ura bezala mugitzea gure espazioetan: arin, orekan, suabe, gozo... Bi hitz horiek asko esaten dute. Begirada naturan dagoela, taoismoaren arte guztiak bezala. Oso ezaguna da, azkenaldi honetan, asko entzuten da, baina pena ematen dit jendea kanpoko azalarekin geratzen baita. Feng shuian, taoismoaren arte guztietan bezala, natura eredua da eta saiatzen gara naturaren elementu horiek barneratzen gure espazioetan. Oso antzinatik sortutako diziplinak dira, xamanikoak direla esango nuke. Gizakia naturarekin oso lotuta bizi zenean, eta naturarekin bat zenean, eta bazekienean elementuak eta natura bera zela. Feng shuiarekin begirada horretatik saiatzen gara espazioak antolatzen, batez ere energiaren pultsuak orekatuz. Txi hitza ezaguna da, tai txi edo txi kung esaterakoan adibidez, eta hitz horrek energia esan nahi du. Taoismoaren ikuspuntutik dena energia da. Kasu honetan jakin behar dugu nola estimulatu eta nola bideratu energia horiek, bost elementuak.
Esaten duzunean feng shuiarekin egiten duzula lan, zer dio jendeak?
Esaten dit «a bai, landareena eta kandelena, dekorazioa...». Eta hori ere bada, landareek garrantzi handia dute, eta baita kandelek ere, elementuak direlako, sua eta egurra... Eta dekorazioak ere noski, bibrazioa delako; koloreek bibrazioa dute, materialek ere, eta dena energia da. Baina aztertzen ditugu baita ere lur azpian dauden paisaiak, geopatiak, baita espazioen memoriak ere, askotan espazioek gordetzen dituztelako bizipenak. Ni espazio batera joaten naizenean, energetikoki aztertzen ditut gauza horiek, baina baita dekorazioaren aldetik ere. Bada jendeak uste duen hori guztia, baina dena aztertzen da patroi batean sartuta. Oinarria da natura eredu bezala hartzea, eta oreka hori gure etxeetan sartzea.
Nola neurtzen dituzu espazioaren geopatiak eta memoriak?
Radiestesiaren bidez jasotzen dut. Nik hagatxoak erabiltzen ditut. Badago jendea pendulua erabiltzen duena. Nik erabiltzen badakit, baina ez da hainbeste nire tresna. Geobiologian eta ura bilatzeko erabiltzen diren hagatxo horiek erabiltzen ditut. Azkenean, gure gorputzean gertatzen diren pultsuen anplifikazioak dira. Nire gorputza ere bada nire tresna, nire antena moduko bat da. Nire sentsazioak eta gorputzera zer etortzen zaidan ere kontuan hartzen ditut.
Zer geopatia izan daitezke?
Ur korronteak begiratzen ditut, batez ere pertsonek ordu asko pasatzen dituzten lekuetan, ohea edo lantokia, adibidez. Ohean gaudenean, gure sistema energetikoa ahulagoa egoten da, ez baikaude alerta horretan. Failak ere begiratzen ditut, azkenean, egoera bat sortu dezaketelako gure gorputzean. Denbora askoan eta urte askotan bazaude geopatia baten gainean lotan, ur korronte baten gainean adibidez, gertatu daiteke nekatuta sentitzea, triste, indargabe, nekearekin jaikitzea. Energia bakoitzak pultsu bat dauka, eragin batzuk sortzen ditu denborarekin. Memoriak daudenean, askotan gertatzen da etxeko haurrek ikarak izatea, edo amets txarrak; sentsazio txarrak sortzen dira. Gure espazioek adierazten dituzte gure potentzialak ere, ez bakarik desorekan dauden gauzak. Gure espazioa gure bigarren gorputza da, gure ispilua da. Trabatuta dauden gauzek askotan zerikusia dute pertsona bizitzen ari denarekin.
Natura eredu bezala hartzean, zeri begiratzen zaio?
Oso antzinako kulturatik datozen gauzak dira. Nire ustez hauek garatu ziren xamanismoarekin lotuta zeuden kulturekin. Ziur asko hemen Euskal Herrian izan dugula horrelako zerbait, gainera guk oso lotura indartsua dugu elementuekin. Energiak bi pultsu ditu, yin eta yang. Batek baretu egiten gaitu, eta besteak bizkortu. Bat ez da bestea baino hobea, momentu bakoitzean, bizitzan behar duguna erabili behar dugu. Bi pultsu horien dantzaren artean sortzen diren espresioan edo orekan azaltzen dira bost elementuak.
«Energiak bi pultsu ditu, yin eta yang; batek baretu egiten gaitu eta besteak bizkortu»
Bost elementuak sua, lurra, ura, egurra eta metala dira. Denak daude lotuta naturaren erritmoarekin, eta 24 orduko zikloarekin ere. Adibidez, eguzkia ekialdetik ateratzen da. Antzina, eguzkia ateratzen zenean, bizitza hasten zen, ez zegoen elektrizitaterik. Ekialdea da, beraz, hasiera berrien energia, eguna hastean baita. Etxean ekialdeak lotura hori du. Hasiera berriaren arloak, martxan jarri nahi ditudan gauzak, energia horiekin dago lotuta. Eta hori egurra elementua da. Adibidez, sua elementua da 24 orduko zikloan eguzkia altuen dagoen momentua; eguerdia izango litzateke, hegoaldea. Argitasuna esan nahi du, norantz joan nahi dudan nire proiektuekin nire bizitza bultzatzeko; arrakasta ere esan nahi du. Beraz, paralelismo horiek ez dira ausaz ateratzen: etxeko arlo bakoitzak esanahi bat du naturaren obserbazio horretan sortu den filosofia horrekin. Obserbazio horretan, bost elementuak aurkitu ditzakegu gure espazioetan. Eta banatzen dira zortzi eremutan, eta horri pa kua deitzen zaio, hau da, zortzi norabideak.
Zuri bezeroak zer asmorekin joaten zaizkizu, feng shui jakintza aplikatzeko, edo barne-diseinu bila?
Denetatik pixka bat. Baditut bezeroak interiorismoarengandik etortzen direnak niregana, badago jendea feng shuiarengatik etortzen dena, eta biak batera lantzeko etortzen direnak, eta hori izaten da politena. Feng shui azterketa ez badidate eskatzen, ez dut zabaltzen. Energia mugitzen dugu, eta pertsonak mugitu behar du nahi duenean. Oso sakona da, lehen esan dudan moduan, geopatiak eta memoriak aztertzen ditut, eta begiratzen ditut elementu horiek, zer dagoen soberan, zer faltan, eta zer den bereziki pertsona horrek behar duena. Horrekin geoakupuntura bat egiten dut, eta horrek energia asko mugitzen du. Nik erabiltzen dudan feng shuia taoismoaren adarrekoa da, naturarekin oso lotuta dagoena, eta horren barruan feng shui alkimistaren adarrarekin egiten dut lan, eta alkimia oso transformatzailea da. Beraz, horretarako prest egon behar zara, eta horren bila joan behar duzu.
Energia aipatzen ari zara, nola azalduko zenuke zer den?
Nik eredu bezala musika jartzen dut. Musika bibrazio bat da, eta nire hitzaldietan askotan musika sartzen dut, bi polaritate horiek ikusteko. Musika batek gure umorea aldatu dezake; adibidez, baretu gaitezke, edo baita estresatu ere, musikaren arabera. Bibrazio bat da, gure zentzuek filtratzen dutena eta errekonozitu dezakeguna: musika hau entzuten ari naiz eta horrela sentitzen ari naiz. Baina espazioetan badago energia asko, gu orekatu edo desorekatu egiten gaituena, eta bibrazio hori ezin dugu gure begiekin ikusi edo gure belarriekin entzun; halere, hor dago. Irrati uhinek ere bidaiatzen dute eta ez ditugu ikusten edo entzuten, ez badugu sintonizatzen. Baina batzuetan gure espazioetan sintonizatzen dugu ikusten edo entzuten ez dugun zerbait, eta desorekatu egiten gaitu, edo baita orekatu ere bai. Espazioak gure altxorrak dira, eta baldintza batzuk jartzen dizkizu zuk momentu horretan behar dituzunak bide jakin bat egiteko.
Feng shuiari buruzko ikastaroak ematen dituzu.
Orain, justu, ikastaro baten erdian gaude. Zortzi modulu dira; Zortzi ateak gure espazioaren energiarako izena du. Ikastaro hau sortu nuen feng shuiko nire bezeroak zirenentzako. Ikusten nuen etxe batera joaten nintzela eta esan nezakeela: «Arlo hau edo beste hau desorekan dago, eta hau edo beste egitea daukazu». baina nik benetan nahi nuena da jendeak ulertzea barneko filosofia, eta lotura horiek sortzen jakitea une horretan naturan dagoen energiarekin lotuz. Ulertzea arlo bakoitzak zer esan nahi duen. Hasiera batean bezeroentzako sortu nuen, baina gero joan naiz irekitzen, ikusten dudalako interes handia dagoela. Feng shuiaren pultsua oso femeninoa da, eta ilargiarekin oso lotuta dago. Ilargiaren egutegiarekin joaten gara, etxean dauden zortzi eremu horien ateak irekitzen ditugu taldean, eta gero bakoitzak bere lantxoa egiten du etxean. Saiatzen naiz naturan ere energia hori aktibo egoten. Adibidez, orain suaren atearekin gaude, eta naturan udara sua da. Gero, zeharkako gaia hutsa da, feng shui pertsonala. Lan pertsonal bat da, hutsarekin oinarrituta, hutsa oso garrantzitsua baita espazioetan. Taldean izanik, transformazio oso polita sortzen da. Jendeak urtean zehar bidaia bat egin dezake bere etxearen bitartez. Feng shuiak gure bizitzan transformazioak egiteko gaitasuna du.
Yin tao izeneko praktika ere erakusten duzu.
Yin eta yang bi pultsu daude, eta yin lotzen da gehiago emakumeekin. Gizonezkoek ere badute. Yin da gelditzea, femeninoa, desazeleratzea, eta baita espazioa ere. Nik duela urte asko tai txia praktikatzen nuen, eta gero feng shuia topatu nuenean, nire bidean yin taoa azaldu zen. Emakumeentzako meditazio eta gorputz praktika sistema bat da, taoismotik datorrena. Estresa bizitasunean bihurtzen ikasteko praktika bat da, gure gorputzarekin harreman osasuntsu bat sortzea, meditazioak, txi kungeko beroketa ariketa batzuk, mantrak... erabiliz. Lan transformatzailea da. Badut taldetxo bat Tolosan, irekita dagoena emakume gehiagok parte hartzeko, eta hilean ostiral batez elkartzen gara bi orduz.