Mattin Zubeldiak Euskadiko errekorra egin du 200 metro bizkarrean

Ataria 2025ko uzt. 3a, 15:00

Malen Zubeldiak 16 urte azpiko Euskadiko errekorra hobetu du 200 metro estilo proban. Unai Zubeldia eta Malen Zubeldia izan dira Gipuzkoako txapeldunak absolutu mailan.

Azken bi asteburuetan bi txapelketa izan dira jokoan Usabalgo igerilekuan. Junior eta absolutu mailako Gipuzkoako Txapelketan bi marka berezi lortu dituzte Tolosaldea IKTko igerilariek: Mattin Zubeldiak Euskadiko errekor absolutua egin du 200 metro bizkar proban, 1.56,90ko denborarekin. Malen Zubeldiak, berriz, Euskadiko 16 urteko marka hobetu du 200 metro estiloak proban, 2.15,99 eginez.

Txapelketari dagokionez, gizonezkoetan Unai Zubeldia izan da Gipuzkoako txapeldun absolutua, Mattin Zubeldia bigarren eta Uhaitz Aranbarri hirugarren, eta emakumezkoetan Malen Zubeldia izan da Gipuzkoako txapeldun absolutua. Junior kategorian, gizonezkoetan Mattin Zubeldia izan da txapeldun eta Uhaitz Aranbarri bigarren. Emakumezkoetan, Malen Zubeldia izan da txapeldun eta Enara Urizar hirugarren. Taldeka Tolosaldea IKT Gipuzkoako bigarren izan da bai gizonezkoetan, bai emakumezkoetan eta baita sailkapen bateratuan ere. «Orokorrean taldeak txapelketa bikaina egin zuen, maila oso altuko proba ugari eginez eta igerilari gehienek beren markak hobetuz», zehaztu dute klubetik.

Beste lehiaketa, infantil mailako Euskal Herriko txapelketa izan da, pasa den asteburuan jokatutakoa. Txapelketa dotorea egin dute Tolosaldea IKTko 9 igerilariek, denboraldian zehar egindako lana nabarmendu delarik. Nahiz eta klubeko igerilari asko ez izan, guztira 18 domina lortu dituzte: urrezko 1, zilarrezko 7 eta brontzezko 10. Honetaz gain, taldekako sailkapenean 5. postua lortu dute. «Horrek esan nahi du lehiatu zuten igerilariek Euskal Herri mailan goiko postuetan ibili zirela, probak modu dotorean eginez», azaldu dute klubetik. Igerilari horietatik, Alain Zaldua eta Patxi Arzalluz Espainiako Txapelketarako sailkatu dira. Ciudad Realen izango da txapelketa hori, uztailaren 17tik 20ra bitartean.

Nahia Garrido, Europako Junior Txapelketan

Tolosaldea IKTko Nahia Garrido igerilaria Europako Junior Txapelketan lehiatuko da egunotan, Eslovakiako Samorin herrian. Gaur 200 metro bizkar proban ariko da eta larunbatean 100 metro bizkarrekoan egingo du igeri.

Argazkiak: Gipuzkoako Txapelketako irudiak. TOLOSALDEA IKT

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!