Tolosako udalbatzaren ekaineko osoko bilkuran hiru mozio aurkeztu ditu oposizioak; EAJ-K proposatu ditu hirurak, horietako bat, PSE-EE alderdiarekin batera: Jose Mari Anzaren Oroimenezkoa txirrindulari probari lotutakoa. Oposizioko bi alderdiek udalari eskatu diote 2026ko aurrekontuei begira konpromisoa har dezala, Oriako Txirrindulari Eskolak proba antolatzeko baliabide ekonomiko nahikoak izan ditzan. Izan ere, mozioan adierazi dutenez, aurten ez da egin lasterketaren 47. edizioa, «Oriakok udalaren partetik hura antolatzeko nahikoa baliabide jaso ez duelako».
Aldi berean, oposizioaren hitzetan «zaila da ulertzen, udal gobernuak aurtengo aurrekontuetan eliteko kirolarientzako diru laguntza lerro berri bat lehenengoz martxan jarri duenean, nola utzi den galtzen Tolosan hain finkatuta zegoen afizionatuen mailako lasterketa». Iruditzen zaie udalak «balioa eman» behar diola «herriko klubek egiten duten borondatezko lanari», eta «bere eskumenen barruan eta ekonomikoki eskuragarriak diren proiektuak bultzatu beharko lituzkeela». Azkenik, oposizioko alderdien ustez, «gaizki ulertuak eta unean uneko erabaki desegokiak ekiditeko, aurretiaz diru partida aurrekontuetan jartzea da egokiena».
Eztabaida eragin du gaiak eta udal gobernuak mozioaren aurka bozkatu du. Andu Martinez de Rituerto alkateak oposizioari erantzun dio «oinarririk gabeko baieztapen asko» egin dituela. «Diru faltaz hitz egiten duzue udalak ematen duen laguntza zenbatekoa den aipatu gabe. Badira lau urte Oriakok eta udalak hitzarmena sinatzen dutela urtero. Hitzarmen horretan, klubak konpromiso batzuk hartzen ditu, tartean, lasterketa antolatzea. Oriako txirrindulari eskolak 2024an emakume txirrindularien proiektu bat sortu asmo zuenez, diru laguntza handitzea eskatu zion udalari, eta hala egin da. 2025eko aurrekontuetan 2.000 euro gehiago jarri ditu udalak. 2021etik 2025era %51,8 igo da aurrekontua».
Alkateak adierazi du martxoan diru laguntza eskaera egin zuela klubak, proba egingo ez zenaren inolako adierazpenik egin gabe, ezta diru laguntzaren azterketa eskatuz ere. «Udalak martxan jarri zuen hitzarmenaren espedientea, suposatuz klubak betiko jarduerak egingo zituela aurten ere». Adierazi du prentsaren bidez jakin zutela proba ez zela egingo; «harriduraz eta tristuraz» jaso zutela albistea. «Bere garaian aurkeztu izan balute arazoa, egoera aztertuko genuke eta zuzentzen saiatuko ginateke, baina aurkeztu zigutenerako berandu zen. Ez genuen aurreikusten».
Martinez de Rituertok azpimarratu du sinatutako hitzarmenen baitan ematen direla diru laguntzak. «Hitzarmenean jasota dauden zenbait egiteko ez dira bete, eta gero kontu-hartzailetzan azalpenak eman behar izaten ditugu. Aurten, ziurrenik, arazoak izango ditugu 18.000 euroak justifikatzeko, eta arazoa are potoloagoa izango da».
Komunikazio arazoak
Oposizioak gai honekin izan duen jarrera ere salatu du alkateak: «Tamalez ez duzue gertatutakoa ezagutu eta argitzeko inolako interesik izan, eta nahiago izan duzue espekulatu eta herritarren artean funtsik gabeko kezkak zabaldu». Bestetik, «ulergaitza» iruditzen zaio oposizioak kirol saileko teknikariei edo zinegotziari gai honen gaineko informazioa ez eskatzea. Biotza Agirrek erantzun dio kirol sailarekin bilera bat eskatu zuela, baina oraindik erantzunaren zain dagoela.
EAJko zinegotziak gaineratu du klubak adierazi diela hitzartutako diru laguntza ez dela nahikoa. Joxe Mari Villanueva PSE-EEko zinegotziak ere esan du klubarekin hitz egin duela eta adierazi diotela hau beste urteetan ez dela gertatu, baina aurten gertatu dela. «Zergatik? Zuek azaldu beharko duzue. Niri esan didate aspalditik jakinarazi zutela etxe honetan lasterketa antolatzeko arazoekin zebiltzala. Komunikazio arazo hori zergatik eman da?», galdetu du. Klubarekin biltzeko asmoa dutela azaldu du alkateak: «Laguntzeko konpromiso osoa dugula azalduko diegu, eta azalpen gehiago emango ditugu».
Martinez de Rituertori «bereziki mingarria eta arduragabea» iruditu zaio udal gobernuak aurrekontuetan eliteko kirolarientzat diru laguntza lerro berri bat martxan jarri izana mozioan sartzea, «zerikusirik ez dutenean». Biotza Agirre EAJko zinegotziak esan du udalak badaukala dirua eliteko kirolariei laguntza emateko, baita oinarrizko kirola laguntzeko ere. «Guk oinarrizko kirola lehenetsiko genuke, herritar gehiagorengana iristen delako, ez eliteko kirolariek laguntza merezi ez dutelako».
Larrialdietarako plana
Bilkura berean, EAJk bere aldetik, beste bi mozio aurkeztu zituen. Batetik, sei hilabeteren buruan, udalak larrialdiak kudeatzeko plangintza integral bat diseinatuta eta idatzita izatea proposatu dute, EAJren ustez, besteak beste, krisi edo larrialdi mahai bat, giza baliabide zein materialen inbentarioa, arduren banaketa, organigrama bat eta erakundeekin izan beharreko elkarlana bildu beharko lituzke planak.
Alderdi guztiek aho batez onartu dute mozioa. Alkateak esan du dagoeneko harremanetan jarri direla Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko larrialdietako eta meteorologiako zuzendaritzarekin, «beraiek plana abian jartzeko beharrezko informazioa eta orientazioa eskaintzen dituztelako». Adierazi du bilera bat egingo dutela, lehen pausoak emateko. Hori dela eta, «ñabardura» bat gehitu dio mozioari: «Ez genuke eperik jarri nahi, bilera egin arte».
Uzturreko gurutzea
Bestetik, jeltzaleek eskatu dute Uzturre mendian dagoen gurutzea hirigintza-ondarean babestutako ondasun eta elementuen zerrendan sartzea eskatu dute, «Tolosako eta eskualdeko biztanleentzat duen balio historiko emozional eta sinbolikoagatik».
Udal gobernuak dokumentu horren berrikusketa partzial bat abiatu duela-eta egin dute proposamena. «Gogoratu behar da katalogo horren xedea, funtsean, babestu beharreko ondasun artifizialak eta naturalak identifikatzea dela, haien balioa eta interesa kontuan hartuta», esan du Xarles Iturbe zinegotziak.
Joxe Mari Villanueva PSE-EEko zinegotziak begi onez ikusi du proposamena aurkeztea: «Bi urte barru mendeurrena beteko du, eta zaharberritze lanak egiteko aukera izango genuke». Hala ere, udal gobernuak aurka bozkatu du. Horrelako erabaki bat «patxadaz» hartu behar dela uste du alkateak. «Oraingoz, gurutzearen historiaren eta balio kulturalaren gaineko txosten bat egitea proposatzen dugu, eta gero aztertuko dugu zer gehiago egin», gaineratu du.