Elkarrizketa

«Idatzi ahala liburuari bere bidea egiten utzi diot»

Jon Miranda Labaien 2025eko uztailaren 3a

Joxan Oizek nobela beltza sustatzeko (H)ilbeltza beka eskuratuta idatzi du bigarren nobela, 'Amazurtza'. 1876ko urtarrilean Karlisten bonbapean dagoen Donostian kokatu du.

Amazurtza (Txalaparta, 2025) irakurri dutenen artean bi irakurle mota bereizten ditu Joxan Oiz Arrutik (Donostia,1968): alde batetik nobela beltzaren zaleak direnak; eta, bestetik, ukitu historikoa gustuko dutenak. Batzuen zein besteen ahotik iritzi onak jaso dituela esan du Tolosan bizi den idazleak.

(H)ilbeltza beka eskuratuta idatzi duzu liburua. Hura eman izan ez balizute idatziko al zenukeen nobela hau?

Askotan esaten dut liburu asko dauzkadala eginda, baina haiek idaztea falta zaidala. Liburu hau, dagoneko, idatzita nuen nire buruan. Litekeena da daukan nobela beltzaren kutsu hori ez litzatekeela hain nabarmena izango beka jaso izan ez banu. Bekak egin didana da akuilatu, edo, bertsolariari bezala, lan egiteko puntua jarri. Saria jasotzeak konpromisoa hartzea dakar, eta niretzat, bekaren sistema hau onuragarria da. Behin jasota, ordea, beti bezala, familiari, loari, lagunei eta beste hainbat biziori denbora kenduta hartu dut idazteko tartea. 

1876ko urtarrilean karlisten bonbardapean dagoen Donostian gertatzen den hilketa argitzeko ikerketa da liburuaren trama nagusia. Zergatik garai eta kokaleku hori?

Nik baditut nire mamu biografikoak. Donostiarra naizenez, Bilintxen biografiak beti eragin dit zirrara: urtarrilaren 20an, San Sebastian egunean, granada batek zein joko, eta zorigaiztoko gizon hura, handik sei bat hilera hilko zena, justu, foruak abolitu zituzten egunean. Hor badago istorio tragiko bat eta banuen horrekin zerbait egiteko gogoa. Dena den, ez nuen Bilintxen biopic bat idatzi nahi; ez da liburuko protagonista, agertu eta desagertu egiten da nobelan.

Haren hanka da, ordea, nobelako narratzailea?

Bai, hori da bekara bidalitako laginetik osorik utzi dudan ataletako bat. Liburua hasi nahi nuen modu indartsuan eta horretarako ohikoa ez den narratzailea hautatu nuen. Hanka horrek laburbiltzen du Bilintxen zorigaitz guztia: errena zen eta leihotik sartu zitzaion bonbak, beste hanka, osorik zuena txikitu zion. Hanka hori hizketan jartzearen kolpe hori lortu nahi nuen. Irakurle askok esan didate ahaztu egin direla hanka bat ari zaienik istorioa kontatzen. Lortu dudan gauza politenetakoa da. 

Hilketa baten argitzea da trama nagusia, baina haren itzalean,  beste zein gai jorratu nahi izan dituzu?

Asko. Beste donostiarkeria bat, adibidez, garai bateko merkataritzari erreferentzia egitea da. Agapito Ponsol, benetan existitu zen kapelagile donostiarrak hartzen du Antselmo Murugarrenen hilketa argitzeko lana. Ikerketarako dohain berezi bat duen pertsonaia bezala irudikatu dut Ponsol, eta dohain hori areagotua du, hain zuzen, jaio orduko hil zitzaion bere lehenengo umearen penagatik. Hortik dator, Amazurtza titulua: neologismo bat da, umeak galdu dituzten gurasoak izendatzeko proposatzen dudana, umezurtzaren alderantzizkoa. Donostiari, itxuraz, halako min berezirik eman ez zion gerra horren alboan jarri nahi nuen beste min hau, zeinak ez duen meniarik. Ezin zaio bueltarik eman ume baten galerari, horregatik saiatzen da Ponsol galdutako umeak bilatzen.

 

«Nobela beltzean irakurleak, nolabait, onartzen du idazleak adarra jo diezaion»

«Jakintza batzuk jorratzeko ate asko topatuko ditu irakurleak irekita»

JOXAN OIZ ARRUTI

Nola dokumentatu zara liburua idazteko?

Lan dezente egin dut liburuari egiantzekotasuna emateko. Saiatu naiz dokumentazio lan hori ez zedin kontakizunean gehiegi antzeman. Ahalegindu naiz, aldi berean, leziorik ez ematen, besterik gabe, bildutako informazio horrek guztiak liburua zipriztintzea nahi nuen. Bestalde, dokumentazioa ez zait idazketarako oztopo suertatu, alderantziz, aurre-lanketak segurantza eman dit hainbat gauzen inguruan hitz egiteko. Esango nuke, beste jakintza bide batzuk jorratu nahi dituen irakurleak ate dezente topatuko dituela irekita; eta, besterik gabe, liburua literatur artefaktu bezala baino hartu nahi ez duenak, aurkituko duela denbora-pasarako aukera.

Nolakoa izan da idazketa prozesua?

Aurretik eginda neukan dokumentazio lana, beraz, idazketa automatikoa ez, baina nahikoa azkarra izan da, banekien zein istorio kontatu nahi nuen eta banekien nora iritsi. Bidera garai hartako hainbat pertsonaia azaldu zaizkit eta saiatu naiz haiek egoera posibleetan kokatzen. Idazketarako Donostiako garai hartako mapa bat erabili dut eta egutegi txiki bat, zeinetan 1876ko Errege egunaren bezperatik San Sebastian egunera bitarteko gertakari historikoak jaso ditudan –nobela, nagusiki, denbora tarte horretan kokatzen da–. Oinarri horiekin, nobela beltzaren teknika erabili dut narraziorako. Gutxi asko, beti berdina izaten da jokoa: idazleok badugu irakurlea engainatzeko lizentzia; irakurleak hipotesiak eraiki ahala, idazleok desegin egin behar dizkiogu eta, aldi berean, hipotesi berriak planteatu. Irakurleak, nolabait, onartzen du idazleak adarra jo diezaion.

Lehenengo nobela beltza duzu. Genero honen zalea zara?

Ez bereziki. Beka jaso nuela ikusita, saiatu nintzen genero honetako idazle kanonikoak irakurtzen eta gaur egungo panorama gainbegiratzen. Ez dut sekula santan hainbeste nobela beltz irakurri. Azterketa egin ondoren, ondorio bat atera nuen: nobela beltzak ez daukala kanon erabatekorik, edo hobe esan, nobela beltzaren kanona hura bera apurtzea izaten dela maiz. Hori guztia kontuan hartuta, esan beharra daukat, idazketarekin asko gozatu dudala eta niretzat jolas bat izan dela.

Aurreko 'Beñat Dardo' nobelarekin baino gehiago gozatu al duzu?

Hura liburu sendoa zen, lerroartean informazio dezente ematen nuen eta idazketa prozesua gogorra izan zen niretzat. Nire lehenengo nobela zenez, saiatu nintzen liburu totala egiten. Amazurtza honekin, berriz, beste bide bat hartu dut. Liburu jostari bat da, bi eserialditan irakur daitekeena, eta nik ere horrela idatzi dut, pixkana, egunez egun. Buruan lehenago idatzita nuen, baina istorioa ez zegoen erabat itxia; idatzi ahala liburuari bere bidea egiten utzi diot eta gozatu dut prozesuan.

Jarraitzen al duzu idazten?

Beti. Irakasle aritzen naiz eta burokraziak jotako ofizioa denez, txostenak, memoriak eta laburpenak egiten ditut etengabe. Hala ere, literatura beste kontu bat da. Idazle sentitzen naiz, soilik, idazten dudanean. Orain eten bat egin dut eta, batez ere, irakurtzen nabil. Dena den, nire buruan ari da XX. mendeko lehen partean girotutako beste nobela bat eraikitzen. Iritsiko da momentu bat non lapikoaren presioa askatu beharko dudan eta idazten hasi; ikusiko dut. Gero, baditut tiraderan ipuin batzuk gordeta eta begiratu behar dut ea zer moduz zahartu diren. Akaso, bueltaren bat eman, eta pasako dizkiot editoreren bati.

Erlazionatuak

06 07 Letren Errepublika

Jon Miranda Labaien eka 24 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!