Elkarrizketa

«Langileriaren zati bat uneoro zokoratzen dute»

Ataria 2025eko uztailaren 2a

Nerea Zinkunegi eta Kari Alberdi Ibarran egindako produktu bilketa batean.

Kontseilu Sozialistak Elkartasun Eguna antolatu du larunbaterako. Tolosan bilduko dira eta urtean zehar Etxebizitza Sindikatuan eta Elkartasun Biltegian egindako lana jai giroan borobilduko dutela esan dute Nerea Zinkunegik eta Kari Alberdik.

Kontseilu Sozialistatik bi ekimen ari zarete bultzatzen, Etxebizitza Sindikatua eta Elkartasun Biltegia, nolatan eta zein helbururekin?

Bestelako lan kultural zein ideologikoez gain, bi ekimen hauen bitartez krisi testuinguruari erantzun nahi diogu. Langileriaren barruan zati bat, kaparik baxuena, uneoro gizartetik kanporatua eta zokoratua bizi da, hori delako gaur egun kapitalismoak eskaintzen duen aukera bakarra. Horren aurrean antolatzen gara, eta aliantzak sortzen ditugu gure klasearen barruan, batasun politikoa bilatzen dugulako. Helburu horiei erantzuten diete, batik bat, bi ekimen hauek. Ezinbestekoa da beheko klaseak izatea batzen direnak eta indarra hartzen dutenak, bide horrek soilik eraman gaitzakeelako kapitalismoaren gaindipenera, gizarte sozialistaren eraikuntzara. Hori da, gure ustez, geroz eta indartsuago dagoen faxismoari bidea ixteko modu bakarra.

Etxebizitza Sindikatuaren kasuan zein da zuen egitekoa?

Etxebizitzaren auzia da gehiengo sozial bat ezintasun ekonomikora gehien lotzen duen auzietako bat. Azken urteetan egoera honi erantzuteko antolakuntza bitartekoak sortzen aritu gara mugimendu sozialistatik Euskal Herri osoan. Bizpahiru urte daramatzagu Tolosaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin eta etxebizitzaren inguruan lanketa ezberdinak egin ditugu: etxebizitzarekin arazoak dituzten pertsonentzako aholkularitza juridikoa eskaini dugu, etxegabetze egoeran dauden pertsonekin harremanetan egon gara beraien egoerari irtenbidea ematen laguntzeko, Teila aldizkaria aurkeztu dugu…

Eta zein da Elkartasun Biltegiaren egitekoa?

Joan den urrian jarri genuen martxan eta bertan elikagaiak, higieneko produktuak eta arropa bildu dugu eta hilabetero banatu ditugu. Jardun honetan elkarlanean aritzen den sare bat sortzen ari gara. Honen emaitza izan da hamarnaka norbanako eta familiak bermatua izan dutela aldian behingo produktu saski bat urritik hasita gaur arte. Biltegian asistentzialismoaren eta karitatearen eskemak albo batera uzten ditugu eta laguntza eskaintzen zaion jendea proiektuan antolatzen hastea bultzatzen da, norberak ahal duen moduan. Azkenik, politizazioari ematen zaio garrantzi handia. Hau da, egiten dugun hori zertarako egiten dugun zehazteari. Izan ere, garbi izan behar dugu hasiera batean indibidualak diruditen arazo hauek jatorri komuna dutela kapitalismoaren baitan, eta beraz, dominazio hori sufritzen dugunok klase-langile gisa antolatu eta indartzean dagoela gakoa.

Urte osoan egindako lanaz zein balantze egiten duzue?

Orokorrean balantzea positiboa da, Etxebizitza Sindikatuari dagokionez Euskal Herri osoan milaka kasuri aurre egin zaie eta gure eskualdean ere jakintza irabazi, kasuak landu eta saretze lan bat egin da. Biltegia ere, hazten ari den heinean, positiboki baloratzen dugu.

Larunbatean Elkartasun Eguna antolatu duzue, zein helburu du egunak? Ze ekitaldi izango dira?

Uda hasiera egokia iruditzen zaigu egindako lana borobiltzeko. Tolosako Armeria Plazan bilduko gara 11:00etan eta solasaldiak, tailerrak zein sozializazio ekimenak egingo ditugu. 12:30ean atzerritartasun arau berria aztertuko dugu eta gero antzerkiaren funtzio sozialaz ariko dira Ander Lipus eta Mikel Kaye. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!