Erakusketa bana, Aranburu Jauregian eta Andragoran

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko uztailaren 2a

Kultur ikastaroetako ikasleen lanak hilaren 12ra bitarte daude Aranburun; Andragoran, emakumeei zuzendutako 'Aske eta disidenteak' bilduma jarri dute.

Urtean zehar Tolosako Udalak antolatutako kultur ikastaroetan parte hartu duten ikasleek beren lanak ikusgai jarri dituzte Aranburu jauregian. Guztira, 185 ikasleren lanak izango dira ikusgai jauregiaren bi solairuetan, uztailaren 12ra bitarte. Asteartetik larunbatera bisitatu ahal izango da erakusketa, 17:30etik 20:30era.

Bestalde, 2025-2026 ikasturteko ikastaroetan izena emateko epea zabaldu du udalak; irailaren 14ra bitarte egongo da irekita. Herritar orok du aukera adin eta interesen arabera egokitutako diziplinetan izena emateko: antzerkia, argazkigintza, balleta, dantza garaikidea, eskulanak, pintura eta zeramika, besteak beste. BakQ edo bestelako ziurtagiri digitala dutenek erregistro elektroniko bidez eman dezakete izena. Aurrez aurre ere egin daiteke, bi tokitan: kultur etxean, uztailaren 1etik 15era eta abuztuaren 25etik irailaren 12ra, arratsaldez, 16:00etatik 20:00etara; eta Udaten, uztailaren 1etik irailaren 14a bitartean (08:00-14:00).

Ikastaroren batean leku kopurua baino izen emate gehiago egongo balira, zozketa bidez esleituko dira. Horrela, interesa duten herritar guztiek izango dute parte hartzeko aukera.

2025-2026 ikasturteko kultur tailerrak:

  • Antzerkia: astelehenetik ostegunera, gehienez bi egun, 19:30-21:30.
  • Argazkigintzaren hastapena: 80 ordu, astearte eta ostegunetan, 19:00-21:30. 
  • Balleta (4 urtetik aurrera): taldearen mailaren araberako ordutegiak. 
  • Balleta (puntak): ostiraletan, 16:30etik aurrera.
  • Dantza garaikidea:
    • Hastapena: ostiraletan, 19:30-21:00.
    • Aurreratua: astelehen eta asteazkenetan, 20:15-21:45.
  • Ehoziri-lanak eta patchworka (helduak): astelehenak, 15:30-19:30.
  • Pintura eta marrazketa:
    • Astelehen eta asteazkenetan, 10:30-12:30, 15:30-17:30 edo 18:00-20:00.
    • Astearte eta ostegunetan, 10:30-12:30, 15:30-17:30 edo 18:00-20:00.
  • Eskulanak (6 eta 10 urte bitarte): astelehen eta asteazkenetan, 17:30-18:30 edo 18:30-19:30.
  • Zeramika: astelehen eta asteazkenetan, 18:30-20:30, astearte eta asteazkenetan, 10:00-12:00, edo astearte eta ostegunetan, 16:00-18:00.

Mexikoko emakumeak

Bestetik, Tolosako Emakumeen Plazan dagoen Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxean, emakumeei eta disidenteei zuzendutako Aske eta disidenteak erakusketa bisitatzeko aukera dago; uztailaren 15a izango da azken eguna. Astelehenetik ostiralera bisitatu daiteke, goizez, 10:00etatik 14:00etara.

12 argazkiz osatutako erakusketak, emakumeek, eta bereziki emakume lesbianek, Mexikon, batez ere, Oxacako estatuan, jasaten duten zapalkuntza egoeraren berri ematen du, emakume eta neska asko bizi baitira matxismoan eta homofobian errotutako testuinguru soziopolitiko eta kulturalean. Erakusketaren helburua emakumeek eta lesbianek Oaxacan duten papera ikusarazi eta indartzea da, indarkeria feminizida eta lesbofobiakoaren testuinguruari aurre eginez. Gainera, erakusketak eragin politikoko plataforma bat sortzea du helburu, historikoki disidentziak baztertu dituen gizarte batean sexu-aniztasunarekiko eta genero-berdintasunarekiko errespetua sustatuz.

2023an, NBEk salatu zuen Mexikon egunero hamar emakume erailtzen dituztela, eta 10 emakumetik zazpik gutxienez indarkeria egoera bat pairatu dutela bizitzan zehar. «Baina kasu gehienak ez dira inoiz konpontzen», adierazi zuten. Zigorgabetasun tasa %95etik gorakoa da eta, datuen arabera, 10 biktimatik bakarra ausartzen da erasotzailea salatzera, agintarienganako beldurragatik eta konfiantza faltagatik.

Gorroto delituek ere gora egin dute herrialdean. LGBTI kolektiboak errealitate hori pairatzen du. 2023an 82 kasu izan ziren (57 hilketa eta gainerakoak, desagerpenak). 2024ko urtarriletik urrira, gorroto delituen 127 kasuren berri dugu, eta horietatik 87 hilketei dagozkie. Eta testuinguru horretan, sexu-aniztasunak ere genero-joera du: lesbianak, aldi berean, genero-arrazoiengatiko indarkeriaren eta lesbofobiaren biktima dira, eta beren bizitzako maila guztiei eragiten diete.

Horren aurrean, «Emakumeen Askatasunerako Eskola: emakumeak eta kolektibo lesbikoa indartzeko espazio seguru eta fidagarria Oaxacan» proiektua jarri dute martxan (indarkeria feminizida eta homofobiko kasu gehien dituzten hamar estatu federaletako bat da Oaxaca). Ekimen honen bidez, LGBTI eskubideak sustatzen ditugu, eta tokiko komunitate lesbiar-feministaren gaitasunak bultzatzen ditugu, oro har emakumeen eta bereziki lesbianen eskubideen defentsan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!