Aurten, ia Iruñeko San Fermin jaiekin bat egingo dute Amarotz auzoko jaiek. Ostiralean, 15:00etan lehertuko den suziriarekin emango diete hasiera festei, eta igande gauera bitarte luzatuko dira. Hiru eguneko egitaraua antolatzeko, «lan handia» izan dutela esan du Iñigo Cabieces Jai Batzordeko kideak. «Ekitaldi gehiago sartu nahi genituen, beraz, zenbait moldaketa egin behar izan ditugu. Adibidez, txupinazoa aurreratu dugu», azaldu du.
Aurtengo festak azken urteetakoak baino luzeagoak izateaz gain, «hobeak» izango direla gaineratu du: «Beti saiatzen gara ahalik eta anitzenak izan daitezen. Amarotz ezagutzen duenak badaki zer auzo mota den eta nolako mugimendua duen. Adin guztietako auzotarrek parte hartzen dute jarduera desberdinetan, eta festak horren isla dira. Beti antolatzen ditugu auzoaren ikur bereizgarrienak errespetatuz».
Egitarauari dagokionez, ez dago berritasunik. Hala ere, nabarmentzeko musika saioak izango dira, hala nola, Andoni Ollokiegirekin poteoa, Muxutruk erromeriaren saioa eta Sedientos de cumbia taldearen kontzertua.
Horiez gain, ez dira faltako parte hartze handia izaten duen danborrada, musika bandaren kontzertua, dianak, haurrentzako puzgarriak, sagardo dastaketa, artisau azoka eta auzo bazkaria. «Danborradaren kasuan, urtearen arabera, egunez aldatu izan dugu, eta epe luze baterako egun eta ordu zehatz bat jarri nahi diogu. Jende asko mugitzen du; txaranga zale asko daude Amarotzen, eta haur asko ibiltzen dira auzoan gora eta behera danborra hartuta».
Jaiak antolatzeko, jai batzordeko boluntarioek ez ezik, auzoko bizilagunek egiten duten lana azpimarratu du Cabiecesek: «Zorte handia daukagu. Deialdia luzatzen dugunean, erantzuna oso ona izaten da. Jai batzordean, gainera, aldaketak izaten dira; batzuek utzi egiten dute, eta kide berriak ere sartzen dira. Ekitaldi guztietarako laguntzeko prest dauden gazte asko ditugu auzoan».
EGITARAUA
- UZTAILAK 4, OSTIRALA
- 15:00. Jaien hasiera iragartzeko suziria eta buruhandiak.
- 15:30. Haur jolasak festagunean.
- 17:30. Txokolatea, San Blas elkarteak prestatuta.
- 18:00. Karta jokoen finalak Beti Gazteak lokalean.
- 18:00. Auzoko danborrada, Konponezinak txarangak lagunduta.
- 19:00. Tolosako Udal Musika Bandaren kontzertua.
- 20:00. Auzo poteoa, Andoni Ollokiegik girotuta.
- 21:30. Afaria.
- Ondoren. Muxutruk erromeria eta DJ Unai.
- UZTAILAK 5, LARUNBATA
- 09:00. Diana Tolosa Udal Txistulariarekin.
- 10:00. Diana Konponezinak txarangarekin.
- 10:00. Amarozko txirrindulari proba. Javier Goenaga Memoriala.
- 10:30. Haurrentzako puzgarriak eta tailerrak.
- 11:00. Buruhandiak.
- 12:00. Ajoarriero lehiaketa.
- 14:30. Ajoarriero lehiaketako sari banaketa eta auzo bazkaria.
- 15:30. Haurrentzako puzgarriak.
- 16:30. Bingo musikatua eta auzokoen mus txapelketa.
- 19:30. Sagardo dastaketa Gautxori txarangak girotuta.
- 21:30. Parrilla afaria.
- 23:00. Sedientos de cumbia musika taldea.
- Ondoren. DJ Fulana.
- UZTAILAK 6, IGANDEA
- 10:00. Haurren futbol txapelketa.
- 11:00. Artisau azoka eta eskulan erakusketa.
- 11:00. Tolosako erraldoi eta buruhandiak.
- 12:30. Antzerkia.
- 14:30. Auzo bazkaria eta karta jokoen sari banaketa.
- 16:00. Dantzaldia Iñigo Perurenarekin.
- 18:30. Toka txapelketa.
- 20:00. Sardina jatea.
- 22:00. Su artifizialak.
- Ondoren. Sardinaren hileta.