Tolosako Udalak pasa den urtean abiatu zuen Tolosa etxebizitza merkatuko tentsio handiko gune izendapena eskatzeko prozesua eta, ordutik, prozedurak eskatzen dituen dokumentuak egin ditu: etxebizitzaren diagnostikoa, izendapena eskatzeko justifikazio memoria eta hiru urterako Etxebizitza Plana. «Hain zuzen, egindako analisiko adierazleek berresten dute Tolosa udalerri tentsionatua dela, bizitegi-merkatuari dagokionean», esan du udalak.
Aurrez, Eusko Jaurlaritzak ere jasoa zuen Tolosa tentsio handiko gune izendatzeko irizpideak betetzen zituzten udalerrien artean. Hala adierazi zuen, hain zuzen, Etxebizitzaren Euskal Behatokiak argitaratutako Euskadiko tentsio eremuei buruzko txostena dokumentuak. Zehazki, 12/2023 Legeak ezarritako lehen irizpidea betetzen du Tolosak, bere osotasunean: etxebizitza erosteko edo alokatzeko prezioak, gutxienez, aurreko bost urteetako EAEko KPIaren hazkunde metatuarekin alderatuta ehuneko hiru puntu baino gehiagoko hazkunde metatua izatearena, alegia. 2018tik 2023ra, hilabeteko alokairu-errentaren batez bestekoa ia %20 hazi da Tolosan.
Hiru urteko indarraldia
Bizitegi-merkatu tenkatuko eremu izendatzearen indarraldia hiru urtekoa izango da. Hori dela eta, udalak plan bat egin du, datozen hiru urteetan ezarri beharreko neurriak jasotzen dituena. «Horrenbestez, orain, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari eskaria egingo zaio, Tolosako udalerria bizitegi-merkatu tenkatuko eremu izenda dezan, bere osotasunean».
Onarpenarekin, Legeak ezarritako neurri eta ahalmen administratiboak Tolosari esleituko zaizkio, eta prezioetan mugak aplikatuko ahal izango ditu, erreferentziazko prezioen indizeen sistemaren arabera, baita azken bost urteetan errentamenduko kontraturik indarrean izan ez duten higiezinen kasuan ere. Horrez gain, edukitzaile handitzat hartuko da bizitegi-erabilerako bost hiri-higiezin edo gehiagoren titularra den pertsona fisiko edo juridikoa, trasteleku eta garajeak alde batera utzita.