Uda hastearekin batera, Tolosako Udal Liburutegiak bere zerbitzuak egokitu ditu, aisialdian irakurketa sustatu eta herritarrak irakurtzera gonbidatu asmoz. Horrela, hainbat ekimen jarri ditu martxan datozen hilabeteei begira.
Lehena, Biblioporrak: zuek aukeratu!!! izenekoa, atzo abiatu zen, eta urriaren 3ra bitarte luzatuko da. 0 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteengan irakurtzeko ohiturak sustatzea du helburu. Bost liburu-zerrenda jartzen dituzte txikienen eskura, adinaren edo eskola-mailaren arabera banatuta. Aukeraketa-zerrendak ikastetxeetan banatzen dira, eta bertan agertzen diren liburuak haur liburutegiko ganbaran jartzen dira eskuragarri. Esteka honetan topatu daitezke gomendioak.
Beste bi ekimenak, publiko zabalari zuzendutakoak dira. Batetik, Terrazan irakurri, udal liburutegiaren terrazan irakurtzeko aukera ematen duena, horretarako espresuki mahai eta aulkiekin atondutako espazioan. Erabilera erraza izango da. Gustuko liburua aukeratu ostean, liburutegiko mailegu-erakusmahaian aurkeztu beharko da liburutegiko txartelarekin batera; mailegua egindakoan, kanpoan irakurtzeko aukera izango da udako egun atseginez gozatu ahal izateko.
Honakoa izango da liburutegiaren udako ordutegia:
- Helduen liburutegia:
- Ekainaren 25etik abuztuaren 29ra: 10:00-13:30.
- Uztaileko asteazkenetan (uztailak 2, 9, 16, 23 eta 30): 10:00-13:30/16:00-19:00.
- Haur liburutegia:
- Ekainaren 25etik abuztuaren 29ra: 10:00-13:30.
Bestetik, Liburutegia kiroldegian. Beste urte batez, liburutegia zabalduko dute Usabal kiroldegiko kanpoko igerilekuko futbol zelaian –solarium modura erabiltzen dena–. Eskaintza aberatsa izango da, hala nola, egunkariak, aldizkariak, komikiak, eleberriak, bidai-liburuak, sukaldaritzako liburuak eta abar. Horrez gain, beste hainbat zerbitzu eskainiko dituzte: haurrentzako jolas-liburuak eta mahai-jokoak erabiltzeko aukera, etxerako mailegua, marrazkiak egiteko margoak eta papera, liburutegiko txartelak egiteko aukera, liburu-eskaerak, maileguak bertan itzultzeko aukera eta abar. Bi ekimenak abuztuaren 29ra bitarte egongo dira martxan; Usabal kiroldegikoa, baina, uztailaren 1ean abiatuko da.