Ekainaren 30etik uztailaren 3ra egingo da 27. Amarozko Antzerki Astea, Tolosako auzoan. Amarozko Auzo Elkarteak eta Intujai Teatrok antolatzen du egitasmoa, eta May Gorostiaga bertako kideak azaldu duenez, azken urteotako formularekin jarraitzen dute: «Antzerki tailerren emanaldiak daude, haurrek ere parte hartzen dute, umeentzako zein helduentzako obrak daude, eta profesionalen hiru bat obra ekarriko ditugu». Auzo etxean egingo diren emanaldiak daude, eta baita kalekoak ere. Guztiak doakoak izango dira. «Eskertzekoa da Amarozko Auzo Elkarteak egiten duen ahalegina antzerki astea aurrera ateratzeko. Ez da ohikoa horrelako auzo batek babes hau ematea antzerkiari», zehaztu du Gorostiagak.
Emanaldietako baten aurrestreinaldia izango da, Intujai Teatrok ekoiztu duen Zero-Zero: 0'0, numero borobila obra, hain justu. Ilargi Corchero eta Idurre Puertas dira bertako aktoreak, eta May Gorostiaga ari da zuzendari lanak egiten. Gorostiagaren ikasleak dira Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean, Donostian, eta Corchero joan zitzaion jatorrizko ideiarekin. «Clown obra bat egin nahi nuen bakardadeari buruz», esan du. «Hartu genuen hasierako gai bezala bakardadea, eta hortik tiraka atera zen ezer izatearen ideia. Eta ideia horretatik atera zen, askotan, gizarte honentzat zero bat garela. Ikusi genuen zeroak joko pila bat ematen duela clown obra bat egiteko, eta kontzeptu horrekin hasi ginen jolasean obra sortzeko».
Bi pertsonaiak oso antagonikoak dira. «Hasieratik hartu genituen zeroaren bi modelo ezberdin», esan du Gorostiagak. «Lehenengoan, gizarteak behartzen du zero bat izatera. Bigarrenak zero espirituala ordezkatzen du, liberatu egin da, eta beste maila batera iritsi da. Biak zeroak dira, eta elkar ezagutzen dute». Lana aurrera eramateko egin duten ikerketa «oso interesgarria» izan dela gaineratu du Gorostiagak: «Historian zehar zeroaren figura ikertu dugu. Maiek ezagutzen zuten, babiloniarrek ere, egiptoarrek ere, baina erromatarrek ez. Esate baterako, XXII. mendean Florentzian (Italia) zero zenbakia debekatu egin zuten. Clownak badu aukera kable gorri guztiak ukitzeko. Honela, gai politikoak, sozialak, sexualitatea, indarkeria matxista... ukitzen dira. Ez da umore hutsa, umorea tresna bat da gai indartsu batzuetatik pasatzeko, bidaia bat eginez». Hiru aholkulari izan dituzte obran: Larraitz Aranburu matematikaria, Garazi Egiguren dantzaria eta Shakti Olaizola kontortsionista.
Corcherok izan zuen ideia, eta aurrera eramaterakoan, bikote baten beharra sortu zen. Pabellon 6 antzerki arinen egitasmoan parte hartzeko aukeratuak izan ziren, eta horretarako 15 minutuko obra bat aurkeztu zuten. Baldintzetako bat zen gutxienez bi pertsona izan behar zirela eszenatokian, eta orduan batu zen proiektura Idurre Puertas. «Klasean ondo konpontzen ginen, elkar ezagutzen genuen, bagenekien nola egiten duen lan, eta proposamena luzatu genion», esan du Corcherok.
«Ikasketa handia da»
Bientzako lehenengo obra da. «Ondo doa, baina ez da erraza clown obra bat sortzea. Antzerki fisikoko gauzak dituelako eta ez da erraza objektuekin jolasak-eta egitea. Kalkulatzea non eta noiz utzi objektu bakoitza, eta zer justifikaziorekin hartu eta utziko den ez da erraza», esan du Corcherok, eta Gorostiagak gaineratu: «Timing-a ez da erraza, zerbait segundo bat lehenago edo beranduago eginez gero, zentzua aldatu dezake». Egitasmoa osoa ikasketa bat izaten ari da Corcherorentzat: «Horretarako sortu zen, ikasteko, jendearekin gozatzeko. Ematen du nahiko isila naizela, baina gero eszenatokian pila bat gustatzen zait jendearekin jolastea. Ikasketa handia da, eta erronka handia ere bada ikustea bolo batzuk lotuta daudela».
Izan ere, Amarozko aurrestreinaldiaz gain, beste bat izango dute abuztuan, Errioxan, Clownpamento izeneko egitasmoan, abuztuaren 7an. «Irailetik aurrera baditugu lotuta lauzpabost emanaldi, eta beste batzuk aurrez hitz eginda daude», esan du Gorostiagak. «Datorren ikasturterako mugitu beharra dugu. Formatu ertaina da, eta moldagarria da espazio txikietarako eta herri txikietara eramateko». Amarozko Antzerki Astea «plataforma perfektua» dela dio Gorostiagak obraren aurrestreinaldia egiteko: «Bi gazte, lehenengo obra, lehenengo aldia eskaintzen dutela, eta Antzerki Astearen filosofiarekin bat dator. Kasu honetan bi artista puska igoko dira, profesionalki, lehenengo aldiz oholtzara. Apustu hori egin behar genuen Amarotzen».
May Gorostiaga: «Biak osagarriak dira, eta kontuan izan behar da oso zaila dela bikote komiko bat osatzea»
Bide batez, Gorostiagak Corchero eta Puertas egiten ari diren lana nabarmendu du: «23 eta 18 urte dituzte, eta ez da ohikoa pailazoak hain gazteak izatea. Clown pertsonaia ez da zerbait finkoa, norbera bezala aldatzen doa, eta eskarmentua hartzen doa. Baina gero Ilargi eta Idurre oholtza gainean ikusten dituzunean, esaten duzu, baina zenbat urte daramatzate honetan? Biak gainera osagarriak dira, eta kontuan izan behar da oso zaila dela bikote komiko bat osatzea. Irakasle bezala hori pribilegio hutsa da». Bide batez, Arte Eszenikoen Tailerrean beste irakasleekin egin dituzten prestakuntzak ere nabari direla esan du: «Kontzeptuak oso ondo barneratzen dituzte». Obra honekin abentura berri bati ekingo diote beraz, eta lehenengo geldialdia Amarozko Antzerki Astean izango da.

