«Biderkatzen ari da erasoen normalizazioa»

Ataria 2025eko ekainaren 23a

Larunbatean, Kuadrilla Egunean, gizon batek emakume bati eraso egin ziola adierazi du Tolosaldeko Itaiak, eta hori salatzeko, 100 herritar baino gehiago batu dira Trianguloan egin duten elkarretaratzean.

Pasa den larunbatean, Tolosako Kuadrilla Egunean, gizon batek emakume bati eraso egin ziola adierazi du Tolosaldeko Itaiak. «Bere etxean giltzapetu eta hura bortxatzen saiatu zen. Ezer baino lehen, babes eta elkartasun osoa helarazi nahi diogu erasoari», adierazi dute.

Larunbatean gertatutakoa, «kasu isolatu bat izatetik harago, azken aldian biderkatzen ari den erasoen normalizazio eta eraso zein erasotzaileen inpunitatearen adierazle bat gehiago» dela esan du Itaiak. Halaber, emakumeen babesa antolatu eta eraso ororen aurrean posizio garbia hartzearen beharra azpimarratu dute, baita gertakariak gogor salatzearena ere. 

Eginbeharra «garbia» dela esan du eskualdeko mugimenduak: «Erantzun kolektiboa antolatu eta matxismoaren aurka borrokatzea dagokigu. Batetik, indarkeria jasan duen emakumea defendatzeko eta babesteko baldintzak bermatu behar ditugu; bestetik, eraso ororen aurrean irmotasunez eta eraginkortasunez erantzun behar dugu», adierazi dute. Amaitzeko, Itaiak esan du «beharrezkoa» dela «matxismoaren aurkako kontzientziazio lana eta borroka indartzea, matxismoari aurre egingo dion mugimendu indartsua eratuz eta elikatuz. Ez dago beste aterabide errealik».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!