Ezpala film labur baten grabaketarako espazio bilakatuko da ostiralean, ekainak 27. Izan ere, uztailaren 2ra bitarte, Itzali ezin euskarazko film labur profesionalaren eszenak grabatuko dituzte Tolosako gaztetxean.
Asier Toledo tolosar gaztea da filmaren zuzendaria. Kataluniako zinema eskolan ikasketak burutu berritan ekingo dio proiektuari. Nahi eta behar batetik sortutako lana dela azaldu du: «Euskal testuinguru garaikidean sustraitutako istorio bat kontatuko dugu. Euskal zineman gure belaunaldiaren gaur egungo ikuspegiari buruzko erretratu fidel bat egitea, batez ere, tolosar gazteei begira: nolakoa den gure bizitza, nolako harremanak ditugun, nola hitz egiten dugun gure artean...».
Nahiz eta film labur bat izan, kalitate handiko lana egitea da tolosarraren nahia. «Horretarako, 1970eko hamarkadako zinema amerikarreko influentziak hartu ditut kontuan», esan du. Alor teknikoari dagokionez, lantalde profesionala osatu duela gaineratu du; batzuk kataluniarrak dira, eta beste batzuk, Andoaingo Escivi eskolakoak. Aktoreak, berriz, tolosarrak izango dira. «Ezer jakin gabe animatu dira parte hartzera, eta prestutasun handia erakutsi dute orain arte», nabarmendu du zuzendariak. Gidoiari dagokionez, Tolosan hitz egiten den bezala idatzi duela adierazi du zuzendariak, euskara batuan idatzi ordez.
Gaztetxearen barruan eta kanpoan egingo dituzte film laburreko grabaketa guztiak. «Urteetan zehar barruan izan dudan obsesio bat da. Bassagain soinu sistemaren saio batean sartu nintzen lehen aldiz gaztetxera, eta sentsazio berezi bat izan nuen, niretzako oso garrantzitsua izan zena, eta hori transmititu nahi dut orain film laburrera. Gainera, ezinbestekoa iruditzen zait gaztetxeen irudikapena zineman egotea, orain arte ez delako egon».
Behin grabaketak eginda, edizio lanean jarriko du fokua Toledok. «Prozesu oso luzea izango da». Aitortu duenez, film laburra ahalik eta zinema areto gehienetara heltzea izango da ondoren izango duen helburua, eta amets handi bat bete nahi du: «Donostiako Zinemaldian proiektatzea nahiko nuke».