Tolosako San Joan jaiak 2025

Tolosako Kuadrilla Egunean bortxaketa saiakera bat gertatu zela salatu dute

Ataria 2025eko ekainaren 23a

Tolosaldeko Itaiak Euskal Herria plazan egindako mobilizazio bateko irudia.

Larunbatean, gizon batek emakume bat etxean giltzapetu zuela eta hura bortxatzen saiatu zela adierazi du Tolosaldeko Itaiak. Gertatutakoa salatzeko, elkarretaratzea deitu dute, gaur, 19:30ean, Trianguloa plazan.

Pasa den larunbatean, Tolosako Kuadrilla Egunean, gizon batek emakume bati eraso egin ziola adierazi du Tolosaldeko Itaiak. «Bere etxean giltzapetu eta hura bortxatzen saiatu zen. Ezer baino lehen, babes eta elkartasun osoa helarazi nahi diogu erasotuari», adierazi dute.

Nabarmendu dutenez, indarkeria matxistak emakume langileen bizitza «modu gordinean kolpatzen jarraitzen du». Gaineratu dutenez, «festa giroan areagotu egin ohi dira era guztietako erasoak zein irainak». Larunbatean gertatutakoa, «kasu isolatu bat izatetik harago, azken aldian biderkatzen ari den erasoen normalizazio eta eraso zein erasotzaileen inpunitatearen adierazle bat gehiago» dela esan du Itaiak.

Halaber, emakumeen babesa antolatu eta eraso ororen aurrean posizio garbia hartzearen beharra azpimarratu dute, baita gertakariak gogor salatzearena ere. Horrela, gaur, 19:30ean, elkarretaratzea deitu dute Tolosako Trianguloa plazan, Eraso matxistei aurre egin! lelopean.

Eginbeharra «garbia» dela esan du eskualdeko mugimenduak: «Erantzun kolektiboa antolatu eta matxismoaren aurka borrokatzea dagokigu. Batetik, indarkeria jasan duen emakumea defendatzeko eta babesteko baldintzak bermatu behar ditugu; bestetik, eraso ororen aurrean irmotasunez eta eraginkortasunez erantzun behar dugu», adierazi dute. Amaitzeko, Itaiak esan du «beharrezkoa» dela «matxismoaren aurkako kontzientziazio lana eta borroka indartzea, matxismoari aurre egingo dion mugimendu indartsua eratuz eta elikatuz. Ez dago beste aterabide errealik».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!