Denboraldi berriko trainerua aurkeztu dute

Leyre Carrasco 2025eko ekainaren 22a

Infantil eta kadete mailako arraunlariek estropadak egin dituzte Oria ibaian, eta ondoren, datorren denboraldiko Tolosaldea Arraun Klubeko Emakumeen Traineruaren aurkezpena egin dute Trianguloa plazan.

Ohi moduan, San Joan jaien bueltan, infantil eta kadete mailako estropadak egin dituzte goizean Oria ibaian zehar. Batelen aurtengo denboraldia agurtzeko aitzakia ere izan ohi da estropada. Horregatik, horren ostean, uretaratu diren arraunlariei oroigarri bana eman diete udal ordezkariek Trianguloa plazan egin duten ekitaldian.

Batzuek denboraldia amaitu duten bezala, beste batzuek lekukoa hartu dute. Izan ere, Tolosaldea Arraun Klubeko Emakumeen Traineru berria ere aurkeztu dute. Hala, trainerua ondorengo arraunlariek osatuko dute: Nerea Agirrezabal (Bergara), Itsaso Aizpurua (Zizurkil), Naroa Becerril (Tolosa), Ane Zelaia (Belauntza), Ane Egües (Elduain), Naroa Leonet (Tolosa), Olatz Lopez (Tolosa), Ane Mendizabal (Hondarribia), Garazi Ormazabal (Tolosa), Jone Pastor (Hernani), Arene Portularrume (Aia), Irene Sierra (Santurtzi), Garazi Sorozabal (Orexa), Ainhoa Tolosa (Tolosa), Maialen Ugalde (Alkiza), Maddi Urdapilleta (Villabona), Uxue Urkia (Idiazabal), Nagore Osoro (Ondarroa) eta Nerea Perez (Tolosa).

Arraunlariekin batera izan dira Ramon Erostarbe entrenatzailea, Manex Balerdi entrenatzailearen laguntzailea, Iñaki Arratibel medikua, Naroa Berrecil taldeko arraunlari eta prestatzaile fisikoa eta Naroa Urkola ordezkaria. Ilusioz agertu dira taldekide guztiak eta denboraldi berri honetan dena emateko asmoz daudela adierazi du entrenatzaileak.

Proiektuak aurrera egiteko ezinbestekoak izan dituzte urte hauetan eskualdeko udalak eta enpresak eta horrela, haiek guztiak, eskertuz amaitu dute traineruaren aurkezpena. Behin trainerua eta taldea aurkeztuta, denboraldi berri honetan izango duten lehen estropadetara gonbidatu dituzte zaleak; hain justu, uztailaren 5ean, Bilbon.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!