Tolosako San Joan jaiak 2025

Oriaren abordatzea

Ataria 2025eko ekainaren 21a

Gazteen egun handia da gaurkoa, Tolosan. Kuadrillen Eguna, San Joan Egunaren atarikoa bizitzen ari dira gazte asko eta asko uneotan. Estreinakoz Oria ibaian baltsa jaitsiera antolatu dute, eta jarraian Kuadrillen eguneko txupinazoa izan da Zerkausian bertan.

Asteotan baltsak preparatzen aritu dira Tolosako gazteak, nor baino nor lehenago iristeko Zumardiarik Zerkausia bitarte, uretan nabigatzen. Guztira, hamabi kuadrillek hartu dute parte. Eta lasterketa bi txandatan banatu dute, txanda bakoitzean sei baltsen arteko lasterketa egin dute.

Sebastopol, Txotxal pauak, 11 kalamidade, Arreme, Oakus, Jaroberik, Breaking news, Zekontatzenk, Bizxigu, Tupuren bila, Sapaburk eta Proyector ziraunera Oriako ur marroian nabigatzen. Kuadrillako gainerako kideak zubietatik txaloka eta oihuka, animoak emanez —asko eta asko gaztelania hutsez—.

Estrategiak edonolakoak izan dira: baltsa beraren prestaketatik hasita, ur korronteari erreparatzea, haize apurrari jarraitzea... Edonola ere, kirola eta festa uztartu dituzte Kuadrillako Eguna abiatzeko. Eta Oria ibaia portatu da gaurkoan, duela astebete zuen itxura kontuan hartuta —euriteek eraginda—, orduan ia pentsaezina zen gaurko eguna ibaian bertan irudikatzea.

Baltsa guztiak Zerkausira iritsi direnean, txupinazoaren txanda izan da. Bonberenea Txarangak alaitu du momentua, eta kalez kale, tabernaz taberna, jarraitu dute gaurko abordatzearekin. Egunak luze joko du. Izan ere, aurretik dituzte kuadrillen bazkaria Euskal Herria plazan, erromeria, Mulambo eta DJ Fresa Morango.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!