Tolosaldea trainerua, bigarren Espainiako Txapelketan

Ataria 2025eko ekainaren 19a

Argazkia: IBAN ORMAZABAL

Tolosaldea traineruak Espainiako Txapelketan bigarren postua lortu zuen asteburuan. Castro Urdialesen (Espainia) jokatu zen estropada larunbatean eta eskualdeko trainerua bigarren helmugaratu zen Donostia Arraun Lagunak ontziaren atzetik.

Donostiarrek 10.35,25eko denbora egin zuten txapelketa irabazteko, eta bost segundora iritsi zen Tolosaldea (10.40,93). Hirugarren postuan Hibaika helmugaratu zen, Tolosaldeatik hamahiru segundora (10.53,99).

Txapelketetan lehia estuan aritu da Tolosaldea trainerua Donostia Arraun Lagunakekoekin. Gipuzkoan donostiarrak izan ziren garaile, Euskadikoan eskualdekoak eta Espainiakoan berriro donostiarrak gailendu dira. Uztailaren 5ean hasiko da Euskotren Liga, eta bi ontzien arteko lehia estua espero da banderen borrokan.

Euskotren Ligari begira zaleen animoak jasotzeko eta orain arte lortutakoa aitortzeko hitzordua izango da igande honetan Tolosaldea traineruarentzat. Izan ere, aurkezpen ofiziala egingo dute Tolosako Trianguloa plazan, 13:00etan. Aurretik, 11:00etan, Tolosaldea Arraun Klubak antolatutako infantil eta kadeteen estropadak egingo dira Oria ibaian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!