Tolosaldea IKTko igerilariak, maila oso onean Espainiakoan

Ataria 2025eko ekainaren 19a

Absolutu mailan aritu dira lehian Nahia Garrido, Mattin Zubeldia, Unai Zubeldia, Malen Zubeldia eta Igor Arrigain.

Absolutu mailako Espainiako Txapelketa izan da jokoan Mallorcan, ekainaren 11tik 15era, eta bertan Tolosaldea IKTko bost igerilari lehiatu dira. Taldetik nabarmendu dutenez, «txapelketa absolutuan bost final egin ditugu, horietatik bi final A eta hiru final B. Oso zaila izaten da final hauetara sailkatzea, absolutu mailan izugarrizko maila altua dagoelako».

Nahia Garrido urretxuarra nabarmendu da gehien taldeko igerilarien artean, besteak beste, junior mailan egingo den Europako Txapelketako sailkapena lortuz 100 eta 200 metro bizkar probetan. Txapelketa Samorin (Eslovakia) egingo da uztailaren 1etik 6ra. Espainiakoan, 100 metro bizkar proban 5. postua lortu zuen absolutu mailan (1.02,21), 200 metro bizkar proban ere 5. postua absolutu mailan (2.11,80) eta 50 metro bizkar proban 16. postua (29,72). «Txapelketa bikaina egin du Nahiak, bizkar estiloan estatuko igerilari onenen artean dago, oraindik junior kategoriko igerilaria izanik», esan dute klubetik.

Mattin Zubeldia tolosarrak 200 metro bizkarrean 16. postua egin zuen (2.04,91), 100 metro bizkarrean 26. postua (57,50), 50 metro bizkar proban 33. postua (27,32) eta 50 metro tximeleta proban 43. postua (25,73). «Lesio eta ebakuntzen ondorioz ez du denboraldi erraza izan Mattinek. Izugarrizko lana egin du txapelketa honetara ahalik eta egokien iristeko eta azken unera arte Europako Txapelketara sailkatzeko lehian ibili da, helburutik gertu gelditu delarik», azaldu dute.

Unai Zubeldia tolosarrak 100 metro libre proban 7. postua lortu zuen 20 urte azpikoan (50,90), 50 metro libre proban 10. postua 20 urte azpikoan (23,73) eta 50 metro bizkar proban 23. postua 20 urte azpikoan (27,85). «Estilo libreko abiadurako probetan zentratuta, emaitza bikainak lortu ditu Unaiek. Bere irteera, biraketa eta igeri egiteko modu bikainaren bitartez. 100 libre proban adibidez, Euskadin oso igerilari gutxik lortu dute 50 segundo egitea, eta bera da horietako bat», nabarmendu dute klubetik.

Malen Zubeldia tolosarrak 100 metro tximeleta proban Euskadiko 16 urteko errekorra egin zuen (1.03,12) eta 19. postua lortu absolutu mailan, 400 metro estiloetan 13. postua absolutu mailan (5.07,38), 200 metrro bular proban 20. postua (2.43,67), 200 metro estiloetan 17. postua (2.22,84), eta 50 metro tximeletan 35. postua (29,01). «Teknikoki estilo guztiak oso ondo igeri eginez eta bikain lehiatuz, Malenek emaitza nabarmenak izan ditu asteburuan. Euskadiko 16 urteko errekorra, finaletan sailkatzea..., oraindik junior kategoriko igerilaria izanda», adierazi dute taldetik.

Igor Arrigain tolosarrak 200 metro bular proban 35. postua lortu zuen (2.27,44). «Ondo lehiatu zen Igor, bere marka onenetik oso gertu geratuz», esan dute taldetik.

Txapelketak Usabalen

Asteburuan infantil eta alebin mailako Gipuzkoako Txapelketa izan da jokoan, eta bertan Tolosaldea IKTko 28 igerilarik parte hartu dute, horietatik 12 infantiletan eta 16 alebinetan. Txapelketa txukuna borobildu dute guztiek, hobekuntzak nabarmenak dira eta domina ugari lortu dituzte denen artean: 7 urrezkoak, 16 zilarrezkoak eta 17 brontzezkoak. Taldekako sailkapenean ere postu onak lortu zituzten: mutilak 3. izan ziren, neskak 4. eta sailkapen bateratuan ere 4. postua lortu zuten.

Asteburu honetan, larunbatean egun osoz eta igandean goizez, junior eta absolutu mailako Gipuzkoako Txapelketa egingo da Usabalgo igerilekuan. Goizean 10:00etan hasiko dira saioak eta arratsaldean 16:30ean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!