Tolosako Udalak Iurramendi kalean eraikitzekoak diren belaunaldien arteko etxebizitzen ezaugarriak definitzeko prozesuaren ondorioen berri eman zuen pasa den astean. Eremuak, guztira, 484,14 m karratuko azalera du eta bertan, sotoa, behe solairua, hiru solairu altu eta teilatu azpiko solairua eraiki ahal izango dira: 12 eta 15 etxebizitza artean izango ditu. Askotariko etxebizitzak egitea proposatu da, askotariko familia ereduei erantzun ahal izateko: logela bakarrekoak edo bi logelakoak. Behe solairuak erabilera komertziala izateko baimena izango du, gainera.
(3).jpg)
Sukalde komunitariorik ez
Espazioen banaketa egiten hasita, izaera komunitarioa izatea begi onez ikusi dela esan du udalak, «espazio pribatuei gehiegi eragin gabe». Espazio komunitarioen erabilgarritasuna ere aldakorra izatea erabaki dute; batzuk etxebizitzetako bizilagunei bideratuta egongo dira, eta beste batzuk, irekiagoak izango dira.
Bizilagunei gordetako espazio komunitarioetan, topaleku izaera duten lekuak lehenetsi dituzte, hala nola, terraza, egongela, biltegia, garbigailu gela edota arropak zabaltzeko eremua. Sukalde komunitarioa jartzeko aukera ere mahai gainean jarri zen, etxebizitza gehiago egin ahal izateko. Zalantzak sortu dira, ordea, kudeaketa arazoak ekar ditzakeelako, eta momentuz ideia alboratu egin dute.
Herritarrei irekitako beste espazio bat ere izango luke eraikinak, erabilera anitzekoa. Horren kudeaketari dagokionez, zenbait aukera planteatu dira: auzo elkarte edo bestelako elkarteren batek kudeatzea —gaur-gaurkoz ez dago interes konkretu bat—, edo udalak berak kudeatzea, zerbitzu konkreturen bat jartzeko aukera baztertu gabe.
Hiru adin tarte
Babes ofizialeko alokairuko etxebizitzak izango dira, eta esleipena zozketa edo ponderazio bidez egingo da. Alokairuaren baldintzak –errenta, epea...–, baina, erabiltzaileen araberakoak izango dira. Adin tarte ezberdinei eskaintzea da asmoa, batik bat, gazteei eta adinekoei, gutxieneko baldintzak jarrita: errolda, gutxieneko eta gehienezko diru sarrerak, familia egoera...
Prozesuan, ordea, ondorioztatu da ez litzatekeela adin tarte horietara bakarrik itxi behar, kasu gehiagori ere erantzun ahal izateko. Hortaz, kupo sistema bat proposatu da hiru adin tarterentzat, eta bakoitzerako etxebizitza kopuru bat zehaztea eskatu da: 18 eta 35 urte bitartekoak, 35 eta 60 urte bitartekoak eta 60 urtetik gorakoak. Adin tarte bakoitzari dagozkion baldintza eta helburuak jarri ahal izango zaizkio baldintzei dagokienez; baita bizi baldintzei dagokienez ere.
Orain arteko prozesuaren helburua izan da etxebizitza ereduei buruzko hausnarketa egitea izan da orain arteko prozesuaren helburua, baita belaunaldiarteko etxebizitza proiektu baten oinarriak eztabaidatu eta definitzea ere. Udalak adierazi du proiektuaren zehaztapenak eta behin betiko aukerak garatzen jarraitu behar dela. Gaur-gaurkoz, exekuzio proiektuaren idazketa etenda dago, kontratuaren esleipena ebatzi behar baitu KEAOk. Ebazten denean, proiektua berriz aktibatzea da udalaren aurreikuspena.