Zinegoak jaialdiko film laburrak, gaur, Topic-en

Ataria 2025eko ekainaren 18a

19:30ean hasiko da saioa, eta LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiaren 22. edizioan parte hartuko duten sei lan ikusteko aukera izango da.

Ekainaren 23tik 30era ospatuko da Bilbon Zinegoak LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiaren 22. edizioa, eta aurten ere, kulturarekin eta sexu-aniztasunarekin lotutako 50 jarduera baino gehiago izango dira Bizkaiko hiriburuan. Film luzeen sail ofizialean 15 film lehiatuko dira jaialdiaren ohiko hiru sailetan: FIK, DOK eta KRAK (narratiba berriak). Film laburren sail ofizialean, berriz, 30 lan izango dira.

Aurten ere, Zinegoakek hainbat euskal ekoizpen izango ditu jaialdian. Nabarmentzekoa da Sara Fantovaren Jone, batzuetan filma estreinatuko dutela. Horrez gain, sei euskal film laburrek parte hartuko dute jaialdian: ¿Donde estas? (Marina Moreno Novoa), Judoka (Ander Iriarte), Maitemina (Erik Rodriguez Fernandez), Inkognita (Julen Gorosabel), Azkena (Ane Ines Landeta eta Lorea Lyons) eta La raíz (Isabel Saez Perez).

Bilbon ez ezik, beste urte batez, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako hainbat herritan egiten ari dira Zinegoak. Zehazki, 50 udalerrik osatzen dute aurten ZG Hedapena programa, eta Tolosa da horietako bat. Horrela, gaur, 19:30ean hasita, jaialdian proiektatuko diren sei film labur ikusteko aukera izango da Topic-en. Sarrera doakoa da.

Topic-en ikusi ahal izango diren lanak:

  • ¿Donde estas?
    • Zuzendaria: Maria Moreno Novoa. Euskal Herria / Fikzioa / 2025 / 14 minutu. Jatorrizko bertsioan, gazteleraz eta euskaraz. Azpitituluak euskaraz. Udako azken astean, 25 urteko Nahia eta Laura furgonetan doaz Nafarroako iparraldeko errepideetatik. Nerabezaroko ametsak betetzear daude, nahiz eta horrek bide desberdinetatik eraman ditzakeen.
  • Mdb
    • Zuzendaria: Mila Aquilia. Argentina / Fikzioa / 2025 / 18 minutu. Gazteleraz, euskarazko azpitituluekin. 2005. urtea. Pilarrek eta bere familiak Mar del Platako goi-klaseko hondartza batean igarotzen dute uda. Han ezagutu du Camila. Hirian, zurrumurrua zabaltzen hasi da, neska-lagunak direla. Bi nerabeek ezkutuan bizi dute lehen maitasuna, onartzen ez dituen gizarte baten aurrean.
  • Inkognita
    • Zuzendaria: Julen Gorosabel. Euskal Herria / Dokumentala / 2024 / 7 minutu. Jatorrizko bertsioan, euskaraz, azpidatziekin. 1979ko ekainaren 10ean, zerbitzutik kanpo zegoen Guardia Zibil batek Francis izeneko transformista hil zuen Errenteriako Apolo tabernan. Gertakari hau Euskal Herriko LGTBIAQ+ mugimendua abiarazi zuen txinparta izan zen.
  • Three
    • Zuzendaria: Amie Song. AEB / Fikzioa / 2024 / 15 minutu. Jatorrizko bertsioan, ingelesez eta txineraz; azpitituluak euskaraz eta gaztelaniaz. Etxean egindako bilera batean, duela gutxi Estatu Batuetara bere alabarekin bizitzera joan den txinatar jatorriko emakume bat alabaren sekretuak lagun berriengandik ezkutuan mantentzen saiatzen da.
  • Solo Kim
    • Zuzendariak: Javier Prieto de Paula eta Diego Herrero. Herrialde Katalanak / Fikzioa / 2024 / 20 minutu. Gazteleraz, euskarazko azpidatziekin. Rose Kim pertsona trans bat da, baina lanean genero-adierazpen femeninoa darabil oraindik ere. Era irregularrean migratu ondoren herrialde hartan bakarrik dagoelako, agian. Edo, beharbada, beldur delako ez ote duten bere lotura afektibo bakarra galduko: Camila, egunero zaintzen duen haurtxo bat.
  • Azkena
    • Zuzendariak: Ane Ines Landeta eta Lorea Lyons. Euskal Herria / Animaziozko dokumentala / 2024 / 9 minutu. Euskaraz, gaztelaniazko azpidatziekin. Loreak ama eta amona ditu erreferentzia. Bi belaunaldi horien bitartez, emakumeei amatasunari dagokionean esleitu zaien loturari buruzko hausnarketa egiten du. Orain berari dagokio ama izan ala ez erabakitzea eta zenbait galderei erantzuna topatzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!