Tolosako alkatetzan lehen agintaldia burutzen ari da Andu Martinez de Rituerto Arregi (Lazkao, 1967). Gaur, bi urte bete dira aginte makila hartu zuenetik, eta agintaldiaren erdira helduta, udal gobernu berriak herrian egindako lanaren inguruan eta martxan dituzten proiektuei buruz hitz egin dugu berarekin.
Zer balorazio egiten duzu legealdiko lehen bi urteen inguruan?
Intentsitate handikoak izan dira. Lan handia egin dugu, eta aldaketa ezberdinen oinarriak landu ditugu eta horretan ari gara oraindik. Lan isila egin dugunaren sentsazioa daukagu, baina ikusten dena bezain garrantzitsua da. Aldaketa orok bere denbora behar du emaitzak ikusgarri egiteko.
Zuk aurreikusten zenuena baino konplexuagoa izaten ari da alkate izatea?
Alkatetza bizitzeko modu asko egongo dira. Uste dut pertsona oso arduratsua naizela, eta horren eraginez, ordu asko sartu behar izan ditut, eta, agian, gauza gehienetan egon nahi izan dut. Izaera kontua da. Niretzat ardura ikaragarria da, eta hala bizi dut; zaila egiten zait deskonektatzea.
Zer da zure ustez EH Bilduren udal gobernuak Tolosan aldatu duena bi urte hauetan?
Hiru gauza azpimarratuko nituzke. Batetik, gertutasuna. Egunerokotasunean, auzo elkarte eta egituratuta ez dauden bizilagun taldeekin harremanak izateko eredua da horren adibide. Herritarrekin harremana biderkatu dugu. Bakarka ez ezik, talde ezberdinekin ere bilera ugari egin ditugu eta harreman eredu egonkor bat sortu dugu. Herritarren parte hartzea indartu nahi dugu, lana elkarrekin eginez eta erabakiak partekatuz. Bestetik, zorroztasuna kudeaketan. Korapilo handiak kudeatzea egokitu zaigu, eta zentzuz eta zuzen jokatu dugu, kiroldegiaren aferan bezala. Eta, azkenik, konpromisoa eta zintzotasuna. Gardenak izaten ari gara, baita arazoak kudeatu eta herritarrei azaldu behar zaizkienean ere.
Eta zerbaitetan huts egin duzuela esango zenuke?
Beti daude argi-ilunak. Asmatu ez dugunean, edo emaitzak nahi bezalakoak izan ez direnean, publikoki onartu dugu eta garrantzitsuena dena, arrazoiak aztertu eta nola zuzendu ditzakegun aztertu dugu. Kudeaketaren oinarria da. Adibidez, iazko aurrekontuaren likidazioan, inbertsioen egikaritze-maila baxua izan da, %26,4koa. Ez dugu ezkutatu, hala da, eta azaldu dugu zergatia. Oposizioak kritikatu du, logikoa den moduan, eta gu geu ere ez gaude gustura datuarekin, baina 2021 eta 2022koekin alderatuta ez dago alde handirik; egikaritze-mailak %30ekoak izan ziren. Guk, orduan, zergatien azterketa eta neurri zuzentzaileak eskatu genituen; hain zuzen ere, guk orain egin duguna.
2023ko hauteskundeak irabaztean esan zenuen auzo guztietara joango zinetela eta hori aldaketa nabarmena izango zela. 'AuzoEkin' proiektuarekin lortu duzue hori?
Herritarren eskaera izan zen harreman eredua egonkortzea eta hobetzea, eta bat zetorren gure asmoekin. Kontua ez da auzoetara joateko maiztasuna handitzea bakarrik; harreman eredua definitu eta lan egiteko dinamika egonkor bat sortu behar da. Ahalegin horretan gabiltza. AuzoEkin abiatu baino ez dugu egin. Zortzi eremutan banatu dugu herria, eta eremu bakoitzaren beharrak modu integralean jasoko dira. Aurten, hiru eremutan egingo da lanketa eta, oraingoz, parte hartze handia izaten ari da. Entzute ariketa sakon hau ez da sekula egin herrian eta, aurrera begira, oso baliagarria izango da. Diagnostikoaren ondoren, ekintza plan bat osatuko da eremu bakoitzerako, eta bizilagunek erabaki ahalko dute zer lehenetsi. Eremu bakoitzak aurrekontu bat izango du, orain arte ez bezala. Hori aldaketa handia da, herritarren erabakimena handiagoa eta zuzenagoa izango baita.
Herritarrek, baina, hirigintza proiektuei begiratzen diete. Alde Zaharraren Plan Integrala, Zubi Berria eta Zumarditxikia dira handienak. Zein da horien egoera?
Alde Zaharreko Plan Integralaren bigarren fasea, ekintza planarena, nahiko genukeena baino beranduago helduko da, Hirigintza sailean izandako arazoengatik. Aurki aterako da kontratuaren lizitazioa. Inork ez dezala pentsa agintaldi honetan konponduko ditugunik Alde Zaharrak dituen arazo guztiak. Hamarkadetako lana da, baita gobernu desberdinena ere. Bitartean, aurrerapausoak ematen ari gara: nabarmen hobetu ditugu eraikinak birgaitzeko laguntzak, Eraikuntza, Instalazio eta Obra Zergaren hobaria eta alokairurako laguntzak; Alde Zaharrean konponketa txikiak egiteko kontratu bat ere egin berri dugu; eta ondo bidean, Gorriti plazako lanak ere abiatzea espero dugu. Barne trafikoa kontrolatzeko sistema ere epe motzean martxan jarri nahi dugu.
Zubi Berriaren kasuan, ingeniaritza zibilean aditua den enpresa bati inpaktu gutxiagoko soluzio bat egin zezan eskatu genion. Bi irizpide nagusi jarri genizkion: lehen proiektuak zuen arku altua eta bigarrenak proposatzen zituen zutabe prefabrikatuak ez izatea, eta ahalmen hidraulikoa irabaztea. Urak begi onez ikusi zuen ariketa, baina Valentziako denboralearen ondoren, zutaberik ez izatea jartzen du baldintza gisa. Orain, proposamen bat egin behar digu, eta zain gaude.
Zumarditxikiari dagokionez, aurreko proiektua baztertu genuen, egun ezagutzen dugun Zumarditxikia desagertzea zekarrelako. Herritarren erabilerarako izatea nahi dugu. Gure asmoa esku hartze arin bat egitea da, bere izaera mantenduz. Pasealeku irisgarri bat prestatzea aurreikusten dugu, eta hiri altzariak ere jarriko dira. Santa Klara kalea hobetzearekin batera etorriko da. Baina horretarako beste aparkaleku irtenbide batzuk sortu behar ditugu, eta horretan ari gara.
Osasun sailburuarekin elkartu berri zarete Eskualdeko Alkateen Mahaiko ordezkariak. Zer dakizue ospitale berriari buruz?
Informazio gehiago daukagu, baina komunikabide baten bidez jaso ditugu bileran esan gabeko zenbait zehaztasun. Badut nolabaiteko etsipena horrekin, uste baitut eman diegun konfiantza urratu dutela. Argitu digute ez dela ospitale autonomo bat izango, Donostiako ospitalearen adar bat baizik, eta han artatuko direla hemen emango ez diren zerbitzuak. Asuncion publifikatzea ez dago aukeren artean ere. Niri ulergaitza egiten zait aukera hori ez aztertzea, diru publikoarekin hornituta, instalazioak berritu berri direnean, baina esan digute erabakia irmoa dela. Dena den, zentro berriaren zehaztasun gehiagoren zain gaude, oraindik gauza asko daude argitzeko eta. Bien bitartean, amaitzear ditugu udalaren lanak. HAPOaren aldaketa egiteko azken txosten sektoriala jaso dugu, Osasun sailarena, eta Hirigintza saila azken dokumentuak prestatzen ari da.
Zer biltzen du aurkeztear duzuen Etxebizitza Planak?
Tolosa gune tenkatu izendatzeko eskaera onartuko dugu aurki. Eskaera hori egin ahal izateko, prozedurak berak eskatzen du Etxebizitza Plana gauzatzea. Plan horretan, lau ildo estrategiko markatu ditugu: alokairua eskuragarri egiteko neurriak, eraikita dauden etxebizitzak merkaturatzeko jarduketak egitea, alokairurako diru laguntzen sisteman eta ordenantza fiskaletan aldaketak aplikatzea eta erakundeen arteko koordinazioa indartzea. Alokairua eskuragarri egiteko neurrien artean, dagoeneko martxan jarri ditugu Euskal Herria plazako zuzkidura-bizitokien tankerako gehiago sortzeko zenbait aukera.
Nola ari zarete aurre egiten aparkalekuen arazoari?
Aparkaleku berriak egiteko aukeren azterketa egina dago jada, eta bestelako datu ugari jaso dira, TAOren azterketa eta lurrazpiko zein lurrazaleko aparkaleku kopuruenak, kasu. Aparkaleku berriak sortzeko 18 kokaleku aztertu ditugu. Aukerak ez dira asko, egia esan, eta epe luzeak eskatzen dituzte. Bideragarrienak diren aukerak lehenetsiko ditugu eta horietatik hasiko gara. Uda ostean zabalago hitz egitea tokatuko zaigu gaiaz, neurri sorta bat prestatzen ari garelako.
Oro har, zer aldaketa egin nahiko zenuke herrian datozen bi urteetan?
Tolosarrak oso ekintzaileak gara; altxor handia daukagu. Hala ere, izaera komunitarioa are gehiago indartzea gustatuko litzaidake, hau da, herritarrok udalarekiko dugun harremana bestelakoa izatea. Herria denon artean egiten dugula barneratzea nahi nuke, elkarrekin hazi eta herri hobean bizi nahi dugun komunitatea garela harro adieraztea. Bestalde, mugikortasunaren aldetik, herri lasaiagoa izatea nahi nuke, trafiko arinagoarekin, eta, ahal den neurrian, herritarrok, desplazamendu gehienak oinez edo bizikletaz egitea.