ERREPORTAJEA

Bluesari beste kolore batzuk emanez

Imanol Garcia Landa 2025eko ekainaren 22a

Ibai Garcia Blues Project

Proposamen ugari izan dira aurtengoan ere Tolosand Blues jaialdian. Ibai Garcia Blues Project taldeak emango dio hasiera jaialdiari. Bluesa oinarri hartuta, hainbat musika estilo jorratzen dituzte, beste kolore batzuk erakutsiz.

Tolosand Blues jaialdiak 21. aldia izango du aurtengoan. Herriko hainbat eszenatokitan blues musikaz gozatu ahalko da. Guztira, zortzi emanaldi izango dira, eta denek estreinakoz joko dute Tolosan. Horietako bat Ibai Garcia Blues Project taldearekin. Hain justu, jaialdiari hasiera emango dio talde bizkaitarrak. Ibai Garcia gitarra jotzaileak ematen dio izena taldeari. «Tolosakoa blues jaialdi oso ezaguna da», esan du Garciak. «Bluesaren munduan gaudenok ondo ezagutzen dugu. Aurretik ezin izan dut egon, garai hauetan normalean kontzertuak-eta izan ditugulako. Iñigo Martin antolatzailearekin hitz eginda geunden aurretik, eta beti bertan egon izan nahi dugu. Erreferenteetako bat da ezbairik gabe blueseko euskal jaialdien artean».

Ekainaren 26an, 20:00etan, Trianguloa plazan eskainiko dute beraien zuzenekoa. Gustuko du Garciak lehenengoa izatea jaialdian. «Aurreko urtean guk ireki genuen Bilbao Blues jaialdia eta esperientzia ona izaten da. Jendea gogoz joaten da lehen egunetik, banda berriak ezagutzeko eta ikusteko zer dagoen. Jendea fresko dago, bluesa entzuteko gogoz». Taldeak bere izena badu ere, Garciak argi du bost musikarik osatzen dutela proiektua. Horren adierazle da orain gutxi atera duten Chasing the blues diskorako taldekideek ere konposatu dituztela abestiak. «Azkenean izena jartzearena da egin beharreko zerbait, eta ohikoa da blues taldeetan gitarra jotzailearen izena jartzea», esan du Garciak. «Gitarra jotzaileari zuzendutako konposizioak dira, baina, esan bezala, bandako kideek sortutako abestiak ere badaude».

Baterian Aritza Castro dago, «oso ezaguna jazz munduan». Jazz disko bat du eta laster beste bat grabatuko du. «Orotariko musikaria da, estudio ugaritan grabatu izan du, eta izena badu». Fernando Solla da baxu jotzailea, eta baita diskoaren produktorea. «Ezagutza handia du soinuen eta horien nahasketan; horretan lagundu digu eta abestiren bat ere konposatu du». Charlie Santiago da abeslaria, eta pare bat abestitan gitarra akustikoa jotzen du. «Ezohiko abeslaria da bluesean, ez baita ahots grabea duen horietakoa. Ahots melodikoa du,eta hori gehitzen dio gure proiektuari, beste bandekin ezberdintzeko. Beste kolore bat ematen digu, eta berari begira ere abestiak konposatzea eragiten digu, nolabait melodikoagoak». Israel Santamariak jotzen du teklatua. «Bizkaiko blues talde guztietan jotzen du. Ekarpen handia egiten dio taldeari eta soinua handitzen du».

«Taldea oso harrera ona izaten ari da»

Iñigo Martin Tolosand Blues jaialdiko antolatzaileak aurkezpenean zehaztu zuen Ibar Garcia Euskal Herriko gitarra jotzaile onena dela. «Iritzi bat da hori, eta ni oso eskertuta nago hori entzunda», esan du berak. «Bilbao Blues jaialdia eta gero, hitz egiten egon ginen, eta asko gustatu zitzaion emanaldia. Egia da taldea oso harrera ona izaten ari dela. Bejarko jaialdiari, Espainiako handienetako bati, irekiera eman genion aurten; dirudienez proiektua gustura hartu dute, eta gu pozik gaude, egon behar den jaialdietan egoteagatik».

Azken diskoaren izenburuak, Chasing the blues —Bluesaren atzetik—, badu bere esanahia bertan jasotzen den musikari dagokionez. «Ez dugu blues oso tradizionala egiten. Asko nahasten dugu hegoaldeko rockarekin, soularekin, pop tankerako abestiren bat ere badago... Estilo guztietatik edaten dugu, baina beti bluesa dago atzean. Horregatik izenburua: puristek esango dute ez dela blues tradizionala, baina beti dago bluesa atzean», esan du Garciak. Izan ere, ezarritako betiko arauei ez diete jarraitzen: «Horretarako talde asko daude, eta gu hortik pixka bat ateratzen gara beste kolore batzuk emanez».

Egitarauan izango diren beste taldeei buruz galdetzean, Susan Santos aipatu du Garciak: «Beste talde batekin nengoela, Gasteizen bat egin genuen berarekin. Leku askotan dago, eta punta-puntakoa da bluesean; arrakasta handia izatean ari da». The Cinelli Brothers taldea ere ezagutzen du. «Beste talde batean nago ere, Arnau and The Honky Tonk Losers izenekoa, country-rock estilokoa, eta orain gutxi jo genuen jaialdi batean eta bertan zegoen The Cinelli Brothers taldea. Iraultza moduko bat da, eta Europan zehar arrakasta handia izaten ari dira. Kartel polita osatu dute aurtengoan». Shawn Pittman izango da jaialdiko izarra, baina Garciak ez zuen bere berri: «Amerikarra da, ezta? Ziur emanaldi oso ona izango dela».

Emanaldiak hainbat eszenatokitan izango dira, eta hori gustuko du gitarra jotzaile bizkaitarrak. «Ondo dago kontzertuak hainbat lekutan izatea, musika batera eta bestera mugitzeko. Herriko jendeak ere eskertuko du hori». Euskal Herrian blues eta jazz jaialdiak oso puntakoak direla gaineratu du. «Jende asko mugitzen dute, eta musika oneko giroa sortzen dute. Gainera, udan izaten dira, eguraldi ona egiten duenean, eta uste dut oso harrera ona dutela». Berea bezalako taldeentzat «oso garrantzitsua» dela dio: «Etxetik hain gertu jo ahal izateko lekuak izatea eskertzekoa da. Ez da berdina Tolosara joatea edo Jaenera (Espainia). Beraz, eskertzen da musika nolabait minoritarioa egiten dugunoi gure espazioak ematea. Gainera, beti etortzen dira melomanoak edo talde berriak ezagutu nahi dituzten entzuleak». Zentzu horretan, musikaren aldeko apustua egin eta horrelako inbertsioak egiten dituzten udalak egotea eskertzekoa dela esan du: «Kulturarekin zerikusia duten inbertsioak egon daitezela, ez dadila dena kirolera joan».

Bluesa, musika bizigarria

Zer du, baina, bluesak hainbeste erakartzeko? «Nik bluesa beti deskribatzen dut guztiaren bideratzaile moduan», esan du Garciak. «Musika mota gehienak bluesetik eratorriak dira, jazza barne. Guztiaren oinarria da, eta bluesaren hamabi konpas klasikoak rock and rollarentzako eta beste hainbatentzako erabili dira». Bluesaren erakargarritasunaren arrazoia zein den garbi du: «Harrapatu egiten zaitu oso erraietakoa delako, oso inprobisatutakoa, momentukoa, eta hori bilatzen du jendeak. Ez du beste estilo batzuk duen parte metodikoagoa, popak eta rockak dituztenak adibidez. Bluesean inprobisazio eztanda jarraiak daude, jendea gora etortzen da, eta musika oso bizigarria da, zuzeneko musika gustatzen zaigunontzat».

Bi emanaldi berdin ez dituztela egiten gaineratu du gitarra jotzaileak. Taldeak zuzenean gehiago baloratu daitezkeela dio: «Diskoak kaleratu behar dira, zure abestiak erakusteko modu bat delako, baina gu, azken finean, zuzeneko taldeak gara. Guri gustatzen zaiguna zuzenean jotzea da eta gure lana erakustea». Ez direla diskora mugatzen dio Garciak, eta beti egiten dutela bertsioren bat edo beste. Abesti berriak ere eskaintzen dituzte zuzenekoetan. «Ez dugu kontzertu bera egiten, eta hori da dibertigarria. Jendeak ez du emanaldi bera errepikatuta jasotzen». Inprobisazioak garrantzi handia du berarentzat: «Behin ere ez duzu jakiten solo batean zer gertatuko den. Bluesa oso emana da inprobisaziorako, eta guk egiten dugun bluesa horrelakoa da, inprobisazio handikoa, oso erraietakoa. Beti egongo dira patroi batzuk nolabait identifikatzen zaituztenak eta beste gitarra jotzaileetatik eta taldeetatik bereiziko zaituztenak, baina beti saiatzen gara inprobisatzen eta ezustekoa ematen. Eta baita gu geu dibertitzen ere, oso garrantzitsua da parte hori. Jendeak hori jasotzen du, eta hori da, hain zuzen, zuzenekoaren alde ederrena».

Gustura dago Euskal Herrian blues musikak duen osasunarekin. «Proposamen dezente daude, urteak dituzten jaialdiak mantentzen ari dira, eta aukera dugu hemendik jotzen aritzeko udaran. Hori garrantzitsua da», esan du Garciak. «Beste leku batzuetan esaten dute urtean zehar ez dutela ezer. Euskal Herrian badaude lokalak emanaldiak egiteko; beno, Gipuzkoan ez daude hainbeste, baina Bizkaian dezenteko zirkuitua dago, udako jaialdiez aparte zuzenekoak egiteko». Udalen eta erakundeen babes gehiago izatea ere nahiko lukeela gehitu du, «baina ezin gara kexatu, bluesaren eta rockaren jende fidela dagoelako, eta mantentzen delako. Azkenaldiko garai zailak kontuan izanik, ez da gutxi, gure eremu txiki hori badugu eta». Blues musika ezagutzen ez duenak, beraz, aukera bikaina du Tolosand Blues jaialdian estilo horretaz bustitzeko. «Erraietara sartzen den musika da, autentikoa, talde bat zuzenean nola aritzen den ikusteko aukera ederra da», esan du Garciak. «Zuzenean entzuteko musika egokiena da, eta ikusita zer talde izango diren Tolosan, joan beharreko jaialdia da».

TOLOSAND BLUES

  • Ekainak 26, osteguna
    • 20:00. Trianguloa plazan. Ibai Garcia Blues Project.
  • Ekainak 27, ostirala
    • 19:30. Gipuzkoa plazan. Beiztegui & The Hammond Lovers.
    • 23:00. Txurrerian. Bigblack Rhino.
  • Ekainak 28, larunbata
    • 13:00. Lopez-Mendizabal pasealekuan. Fake cousins. [Azken orduko aldaketa].
    • 19:00. Plaza Berrian. Susan Santos.
    • 22:30. Plaza Berrian. Shawn Pittman.
  • Ekainak 29, igandea
    • 13:00. Trianguloa plazan. Maria Carbonell Blues Mood.
    • 20:00. Plaza Berrian. The Cinelli Brothers.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!