Ofizialki urriaren 10ean hartuko du erretiroa Migel Angel Moreno Bagues (Tolosa, 1960) musikari eta irakasleak. Harmonia eskolak ematen hasi zen Tolosako Eduardo Mokoroa Udal Musika Eskolan, eta gaur arte, bera soilik aritu da lan horretan; horrez gain, tronboia, bonbardinoa eta tuba jotzen irakasten aritu da. Ehunka ikasleren maisua izan da. Lan handia egin du Tolosako ikasleen bandan, zuzentzen ez ezik, banda mantentzen eta zaintzen, eta ordu asko igaro ditu errepertorioa lantzen. Heldu zaio merezitako atsedena hartzeko ordua.
Azken ikasturtea egin berri duzu Tolosako Eduardo Mokoroa Udal Musika Eskolan. Zer sentitzen duzu?
Denetik. Alde batetik, poza. Oso gustura aritu naiz urte luzez eskolak ematen, nire ofizioa izan baita. Bestetik, pena handia sentitzen dut, gauza asko utziko ditudalako alde batera, baita oroitzapen asko ere. Hala ere, adinak ez du barkatzen, eta azken urteotan asko nabaritu dut hori: nekea, mina... denetik izan dut. 25 urterekin hasi nintzen eta 40 urte egin ditut hemen; nahikoa da. Lan oso gogorra da. Gorputza asko kargatu izan zait, eta ez fisikoki bakarrik, baita kezkak sortutako estresagatik ere. Gauza asko kontrolatu nahi izaten dituzu, baina ezinezkoa da.
40 urtetan, asko aldatuko zen musika eskola.
Ikaragarri! Musika eskola zaharrean hasi nintzen lanean 1985ean, San Frantzisko elizaren atzean zegoen pabiloian. Orduan, Luis Mari Gartzia zen musika bandako zuzendaria, baita musika eskolako zuzendaria ere. Gogoan dut musika eskola oso txikia zela. Musika bandak entseguak egiteko erabiltzen zuen aretoak hartzen zuen toki gehien. Horrez gain, korridore bat, komuna eta hiru gela zituen. Horietako bat, zuzendariaren bulegoa zen, eta ni bulego hartan hasi nintzen harmoniako irakasle.
Oso-oso txikia zen, eta ez ginen kabitzen. Ondorioz, udaletxera jo genuen, leku handiago bat eskatzera. Sakramentinoetara lekualdatu gintuzten; gela asko zeuden bertan. Zenbait irakasle joan ginen hara, solfeo eta harmonia eskolak ematen genituen bertan, eta zenbait instrumentu jotzen ere irakasten genuen. Hiru ikasturte egin genituen bertan, 1989an Gorosabel eraikineko musika eskola inauguratu genuen arte.
Nolatan hasi zinen eskolak ematen?
Garai hartan, musika ikasleak Donostiara joaten ziren azterketak egitera, instrumentuenak eta solfeokoak. Instrumentuaren titulua lortzeko, harmonia ikasketak bi ikasturtez egitea eskatzen zuten, eta Tolosan inor ez zen harmonia eskolak emateko gai. Ni, orduan, Donostiako kontserbatorioan ari nintzen kontrapuntua eta musikologia ikasten. Ikasle batzuk Gartziarengana jo zuten, Donostian instrumentuaren ikasketak egin nahi zituztela eta, harmonia ikasketak behar zituztela esanez, eta Tolosan irakasle bat lortzeko eskatu zioten. Gartziak niri luzatu zidan aukera eta horrela hasi nintzen.
Harmonia irakasteko modua ere aldatu al da?
Garai batean, ikasleak inplikatuagoak ziren, gero Donostian azterketa gainditu nahi zutelako. Gaur egun, exijentzia-maila desberdina da, musika eskolako filosofia bestelakoa delako, eta harmonia ikasketak osagarri bat dira ikasleentzat; guk hala izendatzen dugu, behintzat. Gainera, hautazkoak dira.
«Lehen, ikasleak inplikatuagoak ziren, gero Donostian azterketa gainditu nahi izaten zutelako»
Ikasleen profila ere aldatuko zen, ezta?
Bai. Denetik dago. Badira ikasturte erdialdera musika ikasketak alde batera uzten dituztenak, eskolaz kanpoko bestelako jarduera gehiago ere egiten dituztelako. Ezinezkoa da leku guztietan egotea.
Eta irakasleak, aldatu al dira?
Ez horrenbeste. Hemen lanean hasi diren askok erretiroa hartu arte jarraitu dute: Iñaki Letamendia, Patxi San Sebastian, Edurne Olano... Izan dira hemen ikasturteren bat edo beste egin eta ondoren, beste lantoki batera joan direnak, baina oro har, jarraikortasun handia izan da irakasleen artean. Oro har, talde handia osatu dugu, kasik, familia bat. Egunerokoan hemen lanean ari garen irakasleon artean daukagun harremana handia da. Irundik edo Donostiatik egun solteetarako lanera etorri izan diren irakasleekin izandakoarekin alderatuta, erabat desberdina da.
1985ean hasi zinen lanean, baina musika ikasten, noiz?
10-11 urte nituela, solfeo ikasketekin hasi nintzen musika eskolan. Beranduago, Donostian titulua lortu ahal izateko, eskola partikularrak jaso nituen Elena Martinezen eskutik. Piano jotzailea zen, eta bere etxean ematen zituen piano eta solfeo ikasketak. Harmonia ere berarekin ikasi nuen.
Gero, Donostiara joan nintzen titulua lortzera. Aurrez, Tomas Arnalekin hasi nintzen tronboia jotzen ikasten. Beranduago, Juan Jose Ocon etorri zen Donostiatik; nire maisua zen bertako kontserbatorioan. Orduan, berarekin joan nintzen Donostiara, tronboia ikasten jarraitzeko. Gero, tuba jotzen ikasi nuen, eta azkenik, Jose Tarragonarekin, akordeoia jotzen ikasi nuen.
Donostiako kontserbatorioan musika ikasketak egin nituenean, asko sufritu nuen. Oso lotsatia eta urduria nintzen. Trenez joaten nintzen, eta kontserbatorioan sartu aurretik, izerditzen hasten nintzen; bertako eskailerak igotzerakoan, are gehiago. Blai eginda sartzen nintzen gelara. Askotan esaten zidaten «ez duzu balio» edota «tuntuna zara», eta ondorioz, irakasleak esango zidanaren beldur egoten nintzen. Hala ere, nik ezinbestean titulua lortu behar nuela pentsatzen nuen, eta hala egin nuen.
Etxetik datorkizu musikarako zaletasuna?
Nire ama brodatzailea zen, eta etxean aritzen zen lanean, bere makinarekin. Oso gustuko zuen musika, eta gogoan dut behin etxerako disko-jogailu bat erosi zuela. Disko ugari zituen, eta brodatu bitartean, musika entzuten zuen. Txikia nintzenean, eta sukaldean jolasten nuenean, beti musika entzuten aritzen nintzen. Amak, gainera, Tolosako musika bandan klarinetea jotzen zuten bi osaba zituen. Eta bere aita ere, nahiz eta 1936ko gerran hil, klarinete jotzailea izan zen. Beraz, nolabait esateko, amaren aldetik izan dut musikarako zaletasuna.
Gerora, semeekin izan du jarraipena.
Emazteak eta biok badaukagu anekdota bat; bera piano jotzailea da. Gure bi semeak oso txikiak zirenean, bazkari bat jokatu genuen. Berak esan zuen pianoa ikasiko zutela, eta nik ezetz, haizezko instrumentuak jotzen ikasiko zutela. Orain, batek tronboia jotzen du, eta besteak, bonbardinoa.
Tronboia, tuba, akordeoia... instrumentu gehiago jotzen dakizkizu?
Bonbardinoa. Izan ere, tuba jotzen duenak, bonbardinoa jotzen daki. Ahokoaren tamaina aldatzen da, baina mekanika berdina da. Eta pianoa, zerbait bai, baina oso gutxi.
Harmonia irakasteaz gain, haizezko instrumentuak jotzen ere irakasten aritu zara musika eskolan.
Bai. Tronboia, bonbardinoa eta tuba nola jo irakasten aritu naiz. Lehenago, Ocon zen irakasle, baina kontserbatorioan ere irakasle zen, eta bi postuak bateraezinak zirenez, 1992ko udan, Tolosako postua utzi zuen, eta hurrengo ikasturtean nik hartu nuen lekukoa. Gogoan dut lehen ikasturtean bost ikasle izan nituela.
Eta gogoan duzu nortzuk ziren?
Bai. Tubarekin, Jaime Garces; bonbardinoarekin, Marino Zabalza eta Josu Sanchez; eta tronboiarekin, Juan Gorria eta Aritz Marin. Oso alemaniarra naiz. Dena idatzita daukat: izan ditudan taldeak, eskolak zein egunetan eta ordutan eman ditudan, ikasleen izenak, bakoitzak zer instrumentu jotzen zuen... Egun batean, jakin-mina piztu zitzaidan, urte hauetan guztietan haizezko instrumentuak jotzen ikasten zenbat ikasle izan ditudan jakiteko. Bada, 200dik gora izan dira: tronboiarekin, 145; bonbardinoarekin, 67; eta tubarekin, 5.
90eko hamarkadan, inork ez zuen haizezko instrumentuak jotzen ikasi nahi; asko jota, tronpeta. Orain, oso bestelakoa da egoera. Lehen, ikasleen kopurua oso txikia zen, eta gehienek, pianoa, akordeoia, biolina, flauta, saxofoia edo klarinetea ikastera jotzen zuten.
Ikasleen bandarekin kalejirak egin ondoren, zenbaitetan herritarrek kalean geratu eta honakoa esan izan didate: «Nola nabari den Tolosan inauteriek duten eragina». Ni hasi nintzenean, bost ikasle nituen, eta orduan ere baziren inauteriak, bazeuden txarangak eta konpartsak.
Zenbat guraso joan ote diren musika eskolara, beraien haurrak ikasleen bandako kide izatea nahi zutenak, gero, txaranga batean aritzeko.
Asko! Etortzen diren gehienek instrumentu jakin batzuetan matrikulatu nahi izaten dituzte haurrak, gerora, txarangetan jotzeko aukera izatea nahi dutelako.
Tolosan, behintzat, musikari askok esan dezakete zure bandatik pasa direla.
Nik irakatsitako haizezko instrumentuak ikastetik 250 inguru igaro baziren, beste instrumentuetako ikasleak batuta… auskalo! 600? Ez dakit. Urte asko dira. Harmoniakoak eta instrumentuko ikasleak batuta, ikasturte berean, ia 90 izatera heldu naiz.
Eta nola kudeatzen dira astero eskolak emateko?
Alde horretatik, zorte handia izan dut. Ikasle helduek zailtasun handiagoa izaten dute zenbait gauza asimilatzeko: behatzen koordinazioa, solfeoa ulertzea, partiturak irakurtzea... Hala ere, ez dut inor baztertu, eta izena emandako guztiei irakatsi diet. Gainera, klaseak goizean edo eguerdian egiteko aukera izan dut. Ondorioz, arratsaldetan ez dut karga handirik izan.
Harmonia klaseak eman nituen lehen urtean, bi talde izan nituen: bigarren mailakoa, sei ikaslerekin, eta lehen mailakoa, hamabi ikaslerekin. Astean bi egunetan etorri behar zuten musika eskolara; egun bakoitzean, ordu eta erdiz. Lehen eguna erabakitzea erraza izan zen, baina bigarren eguna zehazteko komeri handiak izan genituen. Nik larunbat goizean egitea proposatu nuen, eta hala egin genuen. Orduz geroztik, larunbat goizero etorri naiz lanera, lehenik, harmonia klaseak ematera, eta gerora, ikasleen bandako entseguak zuzentzera edota metalezko instrumentuen taldeko entseguak egitera.
Gogoa eta adorea behar da gero!
Bai, baina eskertzen duzu. Adibidez, bandako ikasle txikienekin, ostiralero bildu izan naiz, 19:00etan. Jasangaitza izan da. Haiek nekatuta etorri izan dira, ostiral arratsaldea delako, eta ni neu ere nekatuta egoten nintzen. Larunbat goizean, ordea, deskantsatuago eta freskoago etortzen dira ikasleak. Oso desberdina da. Denbora askoz gehiago aprobetxatzen duzu.
Ikasleen banda aipatu duzu. Hiru hamarkada baino gehiago egin dituzu berau zuzentzen, ezta?
1992an sortu zen, eta Patxi San Sebastianek niri proposatu zidan zuzendari izatea. Nik, baina, bestelako lanekin nahikoa eta gehiegi neukan, eta ezin nuela esan nion. Urtebeteko epea eskatu nion, hobeto antolatzeko. Orduan, bere anaia Luisek hartu zuen zuzendari kargua. 1993an, ni hasi nintzen banda zuzentzen. Urte hartan, 19 ikasle nituen. Aurten, maiatzean egin genuen Musikherriako kalejiran 75 ikaslek parte hartu zuten.
Eta ahots bakoitzerako partiturak eskuz idazten aritu izan zara urte hauetan guztietan.
Guztiak arkatzarekin, bai. Informatikarako analfabeto bat naiz. Partitura baten konponketak egitea plazera da niretzat. Erlaxatu egiten nau. Arkatza eta goma hartu eta pazientziarekin aritzen naiz. Pentsa! Musikherriako kalejirarako 16 kantuko errepertorioa prestatu nuen, eta horretarako bakarrik, orduak eta orduak behar izan nituen.
Inauterietan, kaldereroen konpartsan ere parte hartu izan duzu.
1976an hasi nintzen Tolosako musika bandan, eta handik urtebetera, Urdina Txiki elkarteko bazkide zen musikari bat hasi zen. Konpartsa elkarteak berak antolatzen zuenez, bandan eskaera bat egin zuen: kalejira jotzera joateko musikariak behar zituzten. 17 urte besterik ez nituen, eta animatu egin nintzen. Kalderero egunean, elkartera joan nintzen, baina ez zegoen inor. Halako batean, bat azaldu zen, beranduago beste bat… azkenean, hamabi musikari geunden, baina tronboiarekin ni nintzen bakarra. «Non sartu naiz?», pentsatu nuen orduan. Gaur egun, 100 musikari inguru izaten gara.
Astelenitan, Udaberri dantza taldeko kideek, ikasleen bandaren parodia egin zuten.
Oso ederra izan zen. Lan handia egin zuten, eta eskerrak eman nizkien. Imitazioa ezin hobea zen.
Eta Piñata igandean, zuk egin zenien omenaldi bat Tolosako elkarteei.
Bai, Alde Zaharreko elkarteekin egin nuen, bestela, ezinezkoa izango zen. 16 kantu jo genituen, 15 elkarteren aurrean, eta ikasleak elkarte desberdinetako jantziekin mozorrotu ziren.
Piñata igandeko konpartsa, hain justu, indarra hartuz joan da.
2005ean atera ginen lehen aldiz. Aurtengoa, 21.a izan da. Askotariko mozorroak jantzi izan ditugu, besteak beste, tiroldarrak, irlandarrak, The Beatles edo Oskorri, eta horiei lotutako errepertorioak landu izan ditugu.
Bandarentzat, ikasturteko hitzordu garrantzitsuena da?
Akaso, bai. Badira saio gehiago ere, baina bakar batek ez dit ematen Piñata igandekoak bezainbesteko lana. Aldi berean, ikaragarri asetzen nau, eta emaitza ikustean, poz handia sentitzen dut. Gainera, azken urteetan, indarra hartu du Piñata igandeak Tolosan.
Zer eman dizu 40 urte baino gehiagoko musika ibilbide honek?
Ni oso gustura aritu naiz lanean. Nire emaztea zenbait igandetan damutu egiten zen hurrengo egunean lan egin behar zuelako. Nik, berriz, ez dut halakorik sentitu. Beti etorri naiz pozik lanera, gustura. Etxean hamabi koaderno txiki ditut, eta horietan, ikasturtez ikasturte joan nintzen idazten zenbait datu: musika eskolako zuzendariaren izena, idazkariarena, noiz hasi zen ikasturtea, zer talde izan nituen, zein ikaslerekin, bandan nork hartu zuen parte, zer ekitaldi egin genituen, noiz… Batzuetan, koaderno bat hartu, eta errepasatu egiten dut.
Zer da musika zuretzat eta zer garrantzi du zure bizitzan?
Musikak dena eman dit. Nire ogibidea izan da, eta plazer handia sentitu dut. Nik ez nuen pentsatzen irakasle izatea, baina azkenean, oso gustura aritu izan naiz. Edozein aitzakia tarteko, beti gustatu izan zait ikasleekin kalera ateratzea. Ezinbestekoa aurrerapausoa izan zen hori musika eskolarentzat, eta ez ikasleen bandaren kasuan bakarrik, instrumentu-talde guztien kasuan baizik. Ikasleek ezin dute musika eskolan bakarrik jo; beharrezkoa dute kalean jotzea.
«Ikasleek ezin dute instrumentua musika eskolan bakarrik jo; beharrezkoa dute kalean aritzea»
Irailean zure erreleboa hartuko duen hautagairik ba al duzue?
Oraingoz, ez; lan poltsara jo beharko da. Kontuan izan behar da lanaldi osoko kargua dela, eta prest egon behar duela hiru instrumentu irakatsi, harmonia ikasketak eman eta banda zuzentzeko eta kudeatzeko. Baldintza horietan norbait aurkitzea ez da erraza, baina horretan ari gara. Gero, urrira arte, aukeratutako pertsona horri laguntzea egokituko zait.
Motzean
Instrumentu bat?
Biolontxeloa. Asko gustatzen zait.
Musikari bat?
Sekula ez dut ahaztuko Florentino Peñafiel. Ez dakit zer ikasketa zituen, baina abilezia handia zuen kantuak idazteko. Parrita pasodoblea, esaterako, oso polita da. Tolosarrak kalejira ere egin zuen, Ortzadar elkarteari eskainia, eta oso ondo idatzita dago.
Zuzendari bat?
Jose Antonio Ruiz Bona. Bestela, aitortu behar dut Luis Mari Gartziari asko zor diodala. Berari esker hasi nintzen klaseak ematen, eta zuzendariorde ere izan nintzen bandan.
Ikasi nahiko zenukeen instrumentu bat?
Biolontxeloa.
Gorroto duzun instrumentu bat?
Ez daukat. Beno, guztiak ez zaizkit berdin gustatzen. Esaterako, ez litzaidake gustatuko txistua ikastea. Hala ere, Tolosako Udal Txistulari Bandaren kontzertuak entzutera joaten naiz eta oso politak dira. Aitortu beharra daukat Ion Garmendia lan handia egiten ari dela.
Ikasleen bandako zuzendari edo ikasleen harmonia irakasle?
Oso desberdinak dira. Banda zuzentzen gehiago gozatzen dut. Oso garbi neukan ikasleak bandara erakartzeko lan handia egin beharko nuela, moldaketak idazten, baina betidanik gustura egin izan dut.





