Tolosako San Joan jaiak 2025

V. Helduen Eguna, ostiralean

Ataria 2025eko ekainaren 17a

Tolosako San Joan jaiei hasiera eman aurretik, urteroko hitzordua egingo dute erretirodunek; meza, kalejira, bazkaria eta dantzaldia izango dira festaren osagaiak.

Beste urte batez, Tolosako Iturriza, Harizpe eta Beti Gazteak elkarteek Helduen Eguna antolatu dute. Aurten, bosgarrenez ospatuko dute. Tolosako erretiratuentzat urteko hitzordu nagusia izaten da San Joan jaiak hasi aurretik egin ohi duten festa. Ostiralean izango da, hilak 20, txupinazoaren aurretik.

Goizean, 10:30ean meza egingo dute, San Frantzisko elizan. 11:30ean, berriz, V. Helduen Egunari hasiera emango dion txupinazoa botako dute Alondegi plazan. Ondoren, kalejira egingo dute herrian zehar. 14:00etan, Zerkausian elkartuko dira bazkaria egiteko, eta sabela berdindu ondoren, dantzaldia egingo dute, egunari amaiera emateko.

Bihar, karta jokoak

Ostiraleko festaren aurretik, bihar, XV. San Joan Mus Txapelketa jokatuko dute Iturriza jubilatuen elkarteko bulegoan, 10:00etan hasita. Mus txapelketa azkarra izango da, lau erregetara. V. San Joan Puntxo Saria ere antolatu dute. Bietan ere, Iturriza, Harizpe edota Beti Gazteak elkarteetako kideek parte hartuko dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!