Tolosako San Joan jaiak 2025

Eguzkitza garaile

Ataria 2025eko ekainaren 17a

Batasuna elkarte gastronomikoak antolatutako San Joan Saria Sagardo Txapelketan, Tolosako sagardotegiak lortu zuen puntuaziorik altuena.

Larunbatean, San Joan Saria Sagardo Txapelketa jokatu zen Tolosan, Batasuna elkarte gastronomikoak antolatuta. 20 sagardotegik parte hartu zuten; horietatik lau, eskualdekoak: Tolosako Eguzkitza eta Isastegi, Lizartzako Goikoetxea eta Adunako R. Zabala. Hauek izan ziren gainerako 16 sagardotegiak: Martuteneko Gartziategi eta Barkaiztegi, Astigarragako Oiarbide, Petritegi, Herrero, Bereziartua, Gurutzeta, Alorrenea eta Etxeberria, Urnietako Eula eta Altuna, Hernaniko Itsaburu eta Alberro, Aiako Izeta, Zubietako Iruin, eta Usurbilgo Urdaira.

Azkenean, epaimahaiak hala erabakita, etxean geratu zen txapela, Eguzkitzak irabazi baitzuen. Puntuazio altuena lortu bazuen ere, estu izan ziren kontuak. 118 puntu lortu zituen txapeldunak, baina bigarren izan zen Etxeberriak eta hirugarren postuan sailkatu zen Alorreneak 117na puntu eskuratu zituzten.

Epaimahaiak ez ezik, plazara bertaratutako herritarrek ere dastatu ahal izan zituzten sagardo guztiak. Horrez gain, sagardotan egositako txorizoa eta bakailaoa jateko aukera izan zuten.

Argazkiak: Batasuna elkartea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!