Tolosaldeko euri erauntsia

Garbiketa lanak egingo dituzte bihar, hainbat kaletan

Ataria 2025eko ekainaren 16a

Ostiraleko euriteak kalte handiak eragin ditu Tolosako hainbat puntutan, eta oraindik garbiketa lanekin jarraitzen dute. Igaralde eta Bizkaia kaleetan egingo dituzte garbiketa lanak bihar goizean, eta autoak kendu beharko dira; denbora emango balu, Amarotz auzoko 17-19 zenbakietan ere egingo dituzte garbiketak, eta bestela etzi.

Ostiral gaueko ekaitzak kalte ugari sortu ditu Tolosako puntu askotan, bereziki mendietatik gertu dauden eremuetan eta landa-auzoetan. Hala, Tolosako Udaletik esan dutenez, asteburuan lehentasuna izan da luizien ondorioz blokeatuta geratu ziren bideak irekitzea, eta segurtasun arazoak ekiditea. Aldaban, Montezkuen, Usabalen, San Estebanen, San Blasen, Aldabatxikin, Urkizun eta Auzotxikian egin dira eskuhartzeak, besteak beste, Tolomendirekin, Suhiltzaileekin, Udaltzaingoarekin, herri-lanetako brigadarekin eta Aldundiarekin. Dena dela, lan gehienak bideratu arren, oraindik lan gehiago egin behar dituzte lur eremu batzuk egonkortzeko.

Kale-garbiketako eta lorezaintzako taldeek ere garbiketa lanak egin dituzte kalterik handienak izan diren guneetan, eta datozen egunetan lan sakonagoak egingo dituzte eremuz eremu, makineria espezializatuarekin. Zenbait gunetan hondakinak pilatuta utzi dira, eta aste honetan zehar jasoko dira. 

Bihar, Igaralde eta Bizkai kaleen inguruan egingo dira garbiketa sakonak. Horretarako, autoak erretiratu beharko dira. Bihar denbora emango balu, Amarotzen ere egingo dira, 17. eta 19. zenbakien arteko plazan, bestela, etzi. Han ere ezingo da aparkatu bihar goizetik aurrera, eta lanak egin ahala aparkatu ahal izango da berriz.

Leidor Aretoan ur-filtrazio batek kalteak eragin zituen proiekzio-gelan. Bada, makina ez du kaltetu, eta dagoeneko erabilgarri jarri dute. Hortaz, gaurtik aurrera normaltasunera itzuliko da. Gaurko aurreikusitako emanaldia, beraz, egin egingo da, baita asteazkeneko zine-kluba ere. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!