Sarah Ugarte tolosarrak bigarrenez irabazi du T3T lasterketa; tarteko helmugaren saria eta tolosar azkarrenarena ere berak eskuratu ditu. Lasterketa guztian zehar lehen postuan egin du korri Sarah Ugartek, azkenik Trianguloa plazako helmuga 3.23.47ko denborarekin zeharkatuz. Emakumezkoen T3Tko podiuma ondorengo korrikalariek osatu dute: Ane Mendizabal zarauztarrak (3.42.36) eta Debako Leire Olazabalek (3.49.45).
Sara Ugartek helmuga zeharkatzerakoan, «nork agintzen du hemen» kantatzen zuten bozgorailuek. Honela, tolosarra pozik azaldu da lortutako txapelarekin: «Asko disfrutatu dut, lokatz asko zegoen, baina mendia horixe da; etxean, asko gozatu dut». Garaipena «etxekoei, familiari» eskaini nahi izan die; eta gainera, tolosarrak ere aipatu nahi izan ditu: «Gora Tolosa!». Bigarren txapela eskuratu duela-eta ez daki zenbateraino lagunduko dion gorputzak gehiago eskuratzeko: «40 urteetara iristen ari naiz eta». Hala ere, ez da geldirik egotekoa Sarah Ugarte eta, udaran «erronka pertsonal» bati ekingo dio: 27 orduz kirolean ariko baita.
Gizonezkoetan bestalde, proba nagusiko hiru denborarik onenak ondorengoak izan dira: Txantreako Aitor Blancorena (2.42.39); Hernaniko Ander Amonarrizena (2.44.00) eta Berriozarko Imanol Kañamaresena (2.48.40).
Txantreako Aitor Blancok helmuga irribarrea ahotik kendu ezinik gurutzatu du. Aitor Elduaien esatariak «txapelduniko» deitu dio nafar izaerari erreferentzia eginez. Blancok lehen parte hartzea zuen Tolosako mendi lasterketan. Duela aste batzuk izan zen Tolosan, «mendia aztertzen», eta orduko mendia eta gaur topatu duena alderatuta, antolakuntzari eskerrak eman nahi izan dizkio proba aurrera eraman izanagatik: «Ez zegoen erraza kontua». Honela, «hasieratik« argi izan du lasterketaren buruan kokatzea, eta horrela lortu du txapela amaieran janztea.
Bestalde, Asier Aiertza gizonezkoetan, T3T proban, sailkapen orokorrean 5. iritsita, Tolosaldeko lehen postuaren irabazlea izan da (2.50.12).
T2T probari dagokionez, Gontzal Murgoitiorekin (51.44) batera, podiumera igo dira Hassan Aitchou billabonatarra (53.22) eta Axier Artola amezketarra (53.51). Lasterketan zehar amezketarrak bigarren postua irabazita zuela ematen bazuen ere, Aitchouk aurrea hartu eta lehenago iritsi da Trianguloa plazako helmugara.
Emakumezkoetan, Kataluniara joan da txapela Terrassako Estel Roig-en burura, hain zuzen ere. Kataluniarrak 59.59ko denboran gelditu du erlojua. Atzetik, Ainhoa Garikano tolosarra (1.03.25) eta Oihana Zubillaga anoetarra (1.06.04) izan ditu. Estel Roig pozik azaldu da behin helmuga zeharkatuta, eta esan du «Tolosara itzuli nahi dela», proba bere osotasunean ezagutu ahal izateko.
Hamargarren edizioa betetzen zuen aurtengoan T3T/T2T probak. Eta, berritasunen artean gaztetxoei begirako proba bat prestaturik zuten: T1T. Ostiral iluntzeko euriteengatik, gainerako probak bezala moldatu behar izan dute ibilbideari dagokionez, baina azkenik, T1T lasterketa lehenengoz egin dute. Lehendabiziko lehia honen txapeldunak: Itsasoko Eneko Lizardi (1.04.03) eta Tolosako Nahia Obeso (1.23.19) izan dira.
Eguraldiak baldintzatuta
Euri langarrarekin abiatu dira korrikalariak Trianguloa plazatik, eta eguraldiak ez die atsedenik eman, berriro ere Tolosako helmuga zeharkatu arte. Ostiral gaueko euriteek, eta ondorioz sortutako luizi eta uholdeek baldintzatu dute 2025eko lasterketa. Izan ere, atzoko egunean antolatzaileak ibilbidearen gainean egon ziren erabat. 17:30ean erabakiak hartu, eta aurtengo ibilbideak aldatzea adostu behar izan zuten: «Anoa guneetara ezin iritsi», eta horrenbestez ezin zutelako «anoa gunea jarri, ezta asistentzia eskaini ere». Honela, «korrikalarien segurtasuna ezin bermatu» hasierako ibilbideak moldatu behar izan zituzten. T3Tko proba 30,3 kilometroko lasterketa bihurtuz, eta T2T eta T1T probak 11 kilometrora murriztuz, azken bi probek ibilbide berdina izan dute; mugarriak Uzturre, Uzturre Azpi eta Izagirre izanik. Lehen aldaketa, irteeran bertan izan da. Izan ere, T1T proba Elduaindik abiatu beharrean, Tolosatik atera baita T2T probarekin batera.
Korrikalarien parte hartzean ere izan du eragina eguraldiak. Esaterako, T2T proban 475 korrikalarik eman zuten izena, 357 abiatu dira gaur Tolosatik, eta 352k lortu dute lasterketa amaitzea. Proba nagusian bestalde, 334k eman zuten izena, eta gaur Tolosatik 249 korrikalari atera dira eta 238k lortu dute amaitzea.
Behin helmuga zeharkatuta, eta gaurko balentria beteta, korrikalari askok azpimarratzen zuten «erori gabe» lortu dutela proba amaitzea. Lurraren egoera ikusita, euren buruak saritzea besterik ez zitzaien falta.