Uzturre mendiaren hegoaldetik igo dira T2T eta T1T mendi lasterketetako korrikalariak, eta ondoren, iparraldetik egin dute Tolosarako bidea. Askotariko elementuekin egin dute topo ibilbidean zehar: euri-langarra, harri txikiak, ur putzuak, errekak, lokatza... Baita jarraitzaileen oihuak ere. Uzturren bertan, ez da azken urteetako jendetza izan, baina mendizale batzuek bertara igotzeko hautua egin dute, korrikalariei animoak emateko.
Sailkapenari dagokionez, Uzturreko mugarrian, Elorrioko Gontzal Murgoitio izan da azkarrena gizonezkoetan, eta haren atzetik igaro dira Axier Artola amezketarra, eta Hassan Ait Chaou billabonatarra. Helmugan ere Murgoitio igaro da lehen postuan, eta Ait Chaou izan da bigarren. Artola hirugarren helmugaratu da, billabonatarrarengandik 32 segundora.
Emakumezkoetan, Soronea-Ammma taldeko Estel Roig kataluniarra izan da azkarrena lehen zatian, eta alde handia atera dio Ainhoa Garikano taldekide tolosarrari Uzturreko mugarrian, bi minutu pasatxokoa. Oihana Zubillaga anoetarra igaro da hirugarren Uzturretik, Garikanorengandik ia bi minutu eta erdira. Hurrenkera bera errepikatu da Trianguloa plazako helmugan.