Inork ez du ahazten sekula erretiroa hartzearen unea. Migel Angel Moreno Tolosako Eduardo Mokoroa Musika Eskolako irakasle eta ikasleen bandako zuzendariak ere, ziur, ez duela ahaztuko. Erretiroa urrian hartuko badu ere, memorian gordeta geratuko zaion eguna bizitzen ari da gaur.
Ikasturte amaierako kalejira egin du ikasleen bandarekin, ez azkena, ekainaren 23an ere aterako baitira kalera, baina kalejiraren amaieran, bandaren buru Plaza Berrira sartu denean, sorpresa handi batekin egin du topo. Bertan zain zituen bere bandatik igarotako dozenaka ikasle ohi, baita musika eskolako zenbait lankide ere, eta omenaldiaren berri zuten herritarrak ere bertaratu dira plazara. Bera zen ezer ez zekien bakarra.
Plazan, bandako egungo kideek eta kide ohiek elkarrekin, lau kantu jo dituzte. Lehenik, Morenok berak zuzenduta, inauterietako bi doinu: Alcoyano eta Troika. Ondoren, Koldo Tarragonak gaurko egunerako prestatu duen eta Morenori eskaini dion Moreno Bagües martxa. Azkenik, Jose Manuel Iraola bandako kideak Tarantela zuzendu du.
Tartean, zenbait opari jaso ditu Morenok. Batetik, txantxa modura, graduazioko jantziarekin mozorrotu dute. Bere omenez idatzitako martxa jo ondoren, Tarragonak kantuaren partitura oparitu dio. Azkenik, kontzertu baterako bi sarrera oparitu dizkio ikasleen bandak.
Morenok berak aitortu du ez zekiela ezer omenaldiaren inguruan, eta esan du «oso eskertuta» dagoela ekitaldia antolatu eta bertan parte hartu duten guztiekin.