Tolosako San Joan jaiak aurkeztu zituztenean, gogorarazi zuten festen aurreko asteburua, batez ere, kirolari lotutakoa izango zela. Horren erakusgarri da gaur Tolosako txoko desberdinetan dagoen giroa. Denboraldia amaitu bada ere, bertako nahiz lurraldeko haur, gazte eta helduak, askotariko lehiaketak ari dira jokatzen.
Berazubin, Tolosa CF-k antolatuta, X. Urtzi Gurrutxagaren Oroimenezkoa futbol txapelketa jokatzen ari dira, alebin mutilen mailan. Hamabi talde ari dira lehian, horietatik hiru, etxekoak: Tolosa CF, Urdiña Txiki, Tolosana, Reala, Billabona, Ordizia, Beasain, Lazkao, Intxurre, Zarautz, Añorga eta Aizkorri Segura. Guztira hiru multzo egin dituzte, bakoitza lau talderekin, eta goizean, multzo bakoitzeko taldeen arteko partidak jokatu dituzte. Arratsaldean, kanporaketak eta finalak jokatzen ari dira.
Berazubin baita ere, Goazen TP Kirol Klubak antolatutako IV. San Joan Padel Txapelketako azken fasea jokatzen ari dira. Goizean, final-laurdenetako partidak jokatu dituzte, gizonezkoen eta emakumezkoen mailan. 15:00etatik aurrera, berriz, finalerdietako partiden txanda izan da. Finalak 18:00ak aldera izango dira.
Usabal kiroldegiko igerilekuan, berriz, jokoan da alebin eta infantil mailako Gipuzkoako Igeriketa Txapelketa. Gipuzkoako Igeriketa Federazioak eta Tolosaldea IKT klubak elkarlanean antolatu dute. Egun osoan zehar kanporaketak eta finalak ari dira jokatzen. Bihar ere izango dira kanporaketak eta finalak, goizez, 10:00etatik 13:00etara, eta arratsaldez, 16:30etik 19:30era. Hurrengo asteburuan, berriz, junior eta absolutu mailetako igerilarien txanda izango da.
Usabalen baita ere, baina goiko kantxan, Tolosa CFren Gimnastika Erritmikoko sailak antolatuta, ikasturte amaierako emanaldia egiten ari dira Tolosako eta Ordiziako gimnastak. Guztira, 200 gimnasta inguru ari dira parte hartzen, 5 urtetik 30 urtera bitartekoak. Ipuinen magian murgildu dira ikusleak, istorio desberdinetako musikarekin eta jantziekin osatutako emanaldiak eskaintzen ari baitira gimnastak.
Erdigunean, beste bi txapelketa daude jokoan. Batetik, Trianguloa plazan, Tolosako Xake Klubak antolatuta, Tolosako II. San Joan Xake txapelketa jokatzen ari dira. Goizean, adin guztientzako txapelketa antolatu dute; arratsaldean, berriz, 14 urtez azpikoen txanda izan da.
Bestetik, goizean, Alondegi plazan, Ugaitz 3x3 San Joan Saskibaloi Txapelketa jokatu dute alebin eta infantil mailetan; 30 talde aritu dira lehiatzen. Arratsaldean, berriz, kuadrillen txapelketa jokatzen ari dira, kasu honetan, San Frantzisko ibiltokian. Emakumezkoen eta gizonezkoen txapelketak antolatu dituzte, eta guztira 50 taldek eman dute izena. Finalak 20:00ak aldera hastea espero dute. 25. urteurrena du TAKE klubak antolatzen duen lehiaketak, eta Ugaitz 3x3 San Joan Saskibaloi Txapelketa izena jarri diote, klubeko jokalaria zen eta abenduan zendu zen gaztearen oroimenez.