Josu Ibarbia izango da entrenatzaile berria

Ataria 2025eko ekainaren 13a

Josu Ibarbia, Berazubi, entrenatzaile bezala egindako aurkezpenean.

Gizonezkoen lehen taldea entrenatuko du ibartarrak.

Francisco Valor Tolosa CF-ko futbol ataleko lehendakariak izendapenaren arrazoia azaldu du: «Bost hilabete daramatza taldean, eta bigarren entrenatzaile bezala ari zen. Etxekoa da, eta kluba oso ondo ezagutzen du. Aldagelatik, bai jokalarien eta kapitainen zein talde teknikoaren aldetik jasotako informazioa oso ona izan da. Ea goraka joateko aukera dugun datorren denboraldian».

Josu Ibarbiak esan du berarentzako «erronka oso polita» dela: «Salto handia da, aurreko urtean alebinetan izan bainintzen. Aurten infantilak entrenatzen eta azken txanpan erregional mailan egon naiz. Pozik nago, ilusioz eta hasteko gogoarekin. Erronka handia da, baina exijentea naiz, eta badakit aurrera ateratzeko gai garela».

Egungo taldea gaztea dela dio. «Hazten goaz, eta helburua izango da emaitzak hobetzen joatea. Entrenamenduz entrenamendu hobetzen joan partidetan gure mailarik onena erakusteko», zehaztu du Ibarbiak. «Datorren denboraldia aurtengoa baino hobea izatea da helburua, emaitza aldetik eta sailkapenari begira. Ez da erraza izango, beste taldeak ere indartzen direlako, baina guk gurea begiratu behar dugu., eta ilusio handiz gaude».

Orain jokalari taldea osatzen ari direla zehaztu du Ibarbiak. «Postu guztiak ari gara begiratzen eta argi dugu etxeko jokalarien aldeko apustua egin nahi dugula». Entrenatzaile berriak zehaztu duenez, «intentsitate handia sartzen diodan entrenatzailea naiz, bai entrenamenduetan eta baita partidetan ere. Jokalariei saiatzen naiz konfiantza izan dezaten zelai barruan, beraien errendimendu onena ateratzeko. Niretzat oso garrantzitsua taldea da, horri begiratzen diot». Bere asmoa «ausart» jokatzea dela: «Buruz, baina ausart; izaera bat izan eta ideia horri eutsi, eta horrekin aurrera egin».

David Muñoz entrenatzaileak hasitako proiektuari jarraipena emango diola gaineratu du Ibarbiak: «Berarekin hitz egiten egon naiz hurrengo denboraldiari begira, eta laguntzen ari zait taldea ahalik eta onena izateko. Alde horretatik berarekin harreman estua dut, eta oso pozik nago niri buruz eman duen iritziarengatik. Berarekin oso gustura egon naiz, eta eskertuta nago berak emandako konfiantzarengatik».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!