Elkarretaratzea Tolosaldea Lanbide Heziketa Ikastetxean

Ataria 2025eko ekainaren 12a

LAB sindikatuak deituta, mobilizazioa egin dute gaur, Tolosaldeko lanbide heziketako ikastetxean. «Hezkuntza publikoa indartuko duten eta hitzarmenean 2025-26 ikasturterako adostu ziren baliabideak ezarri ditzan» eskatu dute.

LABek deituta lanuzte eta mobilizazioak egin dituzte gaur, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko hezkuntza publikoko zentroetan, horien artean, Tolosaldea Lanbide Heziketa Ikastetxean; bertan elkarretaratzea egin dute. Sindikatuak salatu duenez, 2025-26 ikasturterako zuzendaritzek osatu beharreko Lanpostu Zerrendetan ez dira adostutako irizpideak ikastetxe eta etapa guztietan ezarri. «Gaurkoan ere, greba eta mobilizazioen testuinguruan egin bezala, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak, baliabideen garrantzia erdigunean jartzeaz gain, goraipatu egin ditu; esaterako, euskara indartzeko neurriak diren Eusle programa indartzea edota datozen ikasturteei begira sortu berri den Hizkuntza Proiektuetarako Koordinatzaileak». LABek gogorazi du, ordea, alor horretan egon diren lorpenak sindikatuak «irmoki» defendatu ondotik etorri direla, eta sindikatua izan zela adostasunera iristeko baliabideak ezinbestekotzat jo zituena, ez Hezkuntza Saila. «Izan ere, herri bezala ditugun erronkei erantzuteko beharrezkotzat jotzen dugu aniztasunari erantzutea, euskalduntzean sakontzea eta hezkidetza bultzatzea», gaineratu du.

LABek gogoratu du STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuekin batera borroka fase berri bat abiatu zutela urtarrilean, helburu zehatz batekin: lan baldintzak hobetzea, hezkuntza publikoa indartzea eta hezkuntza kalitatea hobetzea.
«9 greba egun eta hamaika mobilizazioren ondoren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleetan lortutako akordioa irmoki defendatuko duela adierazi nahi du. Akordioa bere osotasunean betetzeak ikastetxeek egunerokotasunean bizi duten errealitateari erantzutea eta ehunka lanpostu sortzea esan nahi du, gaur-gaurkoz Hezkuntza Saila urratzen ari dena».

Irailetik aurrera

Gaurko mobilizaziorekin salatu dute irailetik aurrera Haur eta Lehen Hezkuntzan eskola orduak 23tik 22ra jaitsiko direla eta Bigarren Hezkuntzan zein Lanbide Heziketan gehieneko orduak 18tik 17ra murriztu. Era berean, Hedatze programako orduak gehieneko 17 eskola orduetan txertatu beharko dira, «ondorioz, eskola ordu bakoitzaren murrizketak lanpostuak sortu behar ditu eta Lanpostu Zerrendan eragin zuzena izan». Horrek planifikazioa eta hezkuntza publikoak urgentziaz behar duen inbertsioa egitea dakarrela ohartarazi du eta sailburuak hori behin eta berriz errepikatu arren, propaganda egiteari utzi behar diola eta adostutakoa bete behar duela azpimarratu du. Horrez gain, azken asteetan Hezkuntza Sailak izandako jarrerak ikastetxeetan urduritasuna eta kezka besterik ez dituela sortu salatu du LABek, «presioaren, noraezaren, inprobisazioaren eta itxikeriaren ondorioz».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!