Garazi Egigurenen ‘Argilunak’ kale ikuskizuna, bihar, Tolosan

Ataria 2025eko ekainaren 12a

Dolu prozesu bat islatzen du ikuskizunak, hainbat diziplintako dantzak, interpretazioa eta ikus-entzunezkoak uztartuz; 22:30ean izango da, Plaza Zaharrean.

Garazi Egiguren Urkola dantzari tolosarrak, Argilunak kale ikuskizuna egingo du, bihar, 22:30ean, Plaza Zaharrean. Euskal dantza tradizionalak eta dantza garaikidea, interpretazioa eta ikus-entzunezko proiekzio bisual analogiko eta digitalak uztartzen dituen obra da; euskarazko testu eta olerki laburrak ere entzungo dira. Euria egingo balu, Zerkausian izango da emanaldia.

Egiguren bera da proiektuaren sortzaile eta zuzendaria, baita parte hartuko duten bi dantzarietako bat ere. Lantaldean tolosar gehiago ere badira: Mattin Zeberio Larraza arduratu da musika ekoizpenaz eta Leire Uranga Zabaleta diseinu lanaz. 

Bizipen pertsonalean oinarrituta, dolu prozesu bat islatzen du Argilunak ikuskizunak: «galera batek eragindako krisi existentzialaren terapia hasi eta eraikitako bizitza eredua kuestionatzeko adierazpen bidea, hain zuzen. Bizitzan aurki ditzakegun mugei buruzko hausnarketa sakona egiten du: muga fisikoak, sozialak, linguistikoak zein kulturalak. Nolabait, alde ilunek (heriotzek, galerek) gure bizitzetan duten presentzia onartzea eta haiei leku bat aitortzea bilatzen du», azaldu du dantzari tolosarrak.

Sortzeko prozesuan, besteak beste, Tolosako Udaleko Kultur eta Berdintasun Sailen laguntza jaso du proiektuak.

Trailerra:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!