Tolosako II. San Joan Xake txapelketa antolatu du Tolosako Xake Klubak ekainaren 14rako. Bi txapelketa egongo dira. Alde batetik adin guztientzako, 10:00etan hasiko dena, eta bestetik, 14 urtez azpikoentzako, 16:00etan hasiko dena. Biak Trianguloa plazan izango dira.
Adin guztikoen txapelketari dagokionez, 9 txanda izango dira. Hau da, jokalari bakoitzak 9 partida jokatuko ditu eta txapelketaren formatua suitzar formatua deritzona izango da. Joko erritmoa 5+3 izango da, hau da, jokalari bakoitzak 5 minutu izango ditu eta jokaldi bakoitzeko 3 segundoko gehikuntza jasoko du. Lehen hirurentzako saria egongo da eta beste sariren bat ere egongo da. Ondoren, bazkari bat antolatu da parte hartzaileentzat Kabila elkartean. 50 jokalarientzako muga jarri dute eta ondorioz aldez aurretik izena ematea beharrezkoa izango da. Horretarako, tolosaxake@gmail.com helbidera mezu bat bidali beharko da honakoa esanez: izen-abizenak eta bazkaltzera geratuko den ala ez.
14 urtez azpiko txapelketan 5 txanda izango dira. Formatua berdina izango da, suitzarra. Kasu honetan, jokalariek 5 minutu izango dituzte. Txapelketa bukatzean, parte hartzaileentzat merienda txiki bat egongo da. Izena emateko ere tolosaxake@gmail.com helbidera idatzi behar da. Kasu honetan izen-abizenez gain, jaioturtea ere adierazi beharko da.
Antolakuntzakoek azaldu dutenez, eskertuko dute parte hartzaile guztiak txapelketa hasi baina lehenago azaltzea, izen ematea baieztatzeko eta zerrenda pasatzeko. Halaber, Saneamientos Elosegui babesleari eta Kabila elkarteari eskerrak eman dizkiete.