Asuncion Klinikak Osasuna kalean izeneko dibulgazio hitzaldien zikloari ekingo dio berriro. Ekainaren 19tik uztailaren 17ra bitarte «oso ohikoak diren gaixotasunei buruzko» hiru saio izango dira. Tolosako Berdura Plazan izango dira saioak, ostegunetan, 18:00etan.
Lehenengo hitzaldia ekainaren 19an izango da. Gaur egun gehien diagnostikatzen den koloneko minbiziaren prebentzioari buruzkoa izango da. Adituek diotenez, hilkortasun-tasa handia izan arren, baheketa-programen bidezko diagnostiko goiztiarra erabakigarria izan daiteke biziraupenerako. Asuncion Klinikako Kirurgia Orokorreko zerbitzuburua den Maite Lopez medikuak eta Maider Sierra Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteko Prebentzio arduradunak parte hartuko dute. Elikadura osasungarriaren garrantziaz eta baheketen bidezko prebentzioaz ariko dira. Horrez gain, Karlos Montilla, Asuncion Klinikako sukaldari buruak, menu osasungarri bat prestatuko du zuzenean, eta bertaratuek dastatu ahal izango dute.
Uztailaren 3an, aldakako eta belauneko artrosiaz ariko dira Carlos Vega, Nicolás Robador eta Victor Rodrigues medikuak. 65 urtetik gorakoen %30ari eragiten dion gaitzak mina eta mugikortasun-arazoak eragiten ditu, eta saioan prebentzio- eta tratamendu-aukera eguneratuak azalduko dituzte.
Azkenik, uztailaren 17an, Martin Acuña doktoreak, Traumatologia Zerbitzuko kideak, bizkarreko patologiei buruzko hitzaldia eskainiko du. Diotenez, bizkarreko mina izan ohi da kontsulten arrazoi ohikoenetako bat. Hitzaldian tratamendu berritzaileak eta prebentzio-gomendioak azalduko dituzte.