Jardunaldian zehar, egungo gizartea pairatzen ari den aldaketen aurrean, euskarari arnasa ematen jarraitzeko arnasguneek dituzten behar ezberdinez hitz egin dute.
Hasteko, euskararen arnasguneen egungo egoera nolakoa den eta aurrera begirako erronkak zeintzuk diren azaldu ditu Miren Segurola UEMAko koordinatzaileak. Jarraian, EHUko informatikako eta IXA taldeko kiden den Xabier Arregik, euskarak adimen artifiziala eta hizkuntza-teknologikoen komunitatean ez duela bazterrean geratu nahi azaldu du. Ondoren, Eider Amundarain Lardizabal eskolako zuzendariak eta Margari Eizagirre Lardizabal eskolako irakasleak, Zaldibiako esperientzian oinarrituta euskara eta kulturartekotasunaz mintzatu dira.
Goizeko egitarauari amaiera emateko, Anartz Ormaza arkitektoaren eskutik; Tolosaldeko turismo planaren eragin linguistikoaren ebaluazioaz hitz egin du, euskararentzat ere jasangarria den turismo-eredu bat posible dela azpimarratuz.
Arratsaldeko egitaraua
Bazkal ostean, 15:30ean, Peio Berterretxe antzerkilariak Lekorneko Kabalkada ikergai hartuta, egungo testuingurua plaza bati nola eutsi daiteken azalduko du. Jardunaldiari itxiera, 16:15ean egingo den mahai-inguruarekin emango zaio. Herria Bizi deituriko mahai-inguruan, Elurre Iriarte kultur eragileak, Ainara Alkorta pintoreak eta Alba Garmendia Ikaztegietako alkateak parte hartuko dute. Dinamizatzaile lanetan Irati Urdalleta Berriako kazetaria ariko da.