Trafikoan zenbait aldaketa izango dira asteburuan

Ataria 2025eko ekainaren 12a

Larunbat arratsaldean, 3x3 saskibaloi txapelketa dela eta, San Frantzisko pasealekuaren zati bat itxita egongo da; igandean, berriz, eten puntualak egingo dira, mendi lasterketengatik. A-15 autobidea ere itxita egongo da asteburuan.

Asteburuan, kirol lehiaketak medio, zenbait trafiko aldaketa izango dira Tolosan. Larunbatean, 3X3 saskibaloi txapelketa dela eta, ezingo da aparkatu San Frantzisko pasealekuaren lehen erdian. 14:00etan moztu egingo da trafikoa elizaren parean, eta Zumalakarregi kaletik barrena bideratuko da txapelketa amaitu arte. Kale horretan ezingo da aparkatu, eta noranzko bakarra izango du, ohikoaren aurkakoa. Autobus zerbitzuan ere eragina izango du. Igandean, berriz, T1T, T2T eta T3T mendi lasterketak direla eta, irteeran eta korrikalariak iristen diren heinean, eten puntualak eta laburrak egingo dira.

A-15 autobidea ere itxiko dute asteburuan, Oindolar eta Gorosmendiko lanak amaitu eta Belabietakoak hasteko. N-1 errepidea izango da ordezko bidea, eta GI-2130 (Tolosa-Leitza) eta GI-2135 (Tolosa-Lekunberri) errepideak tokiko trafikorako soilik izango dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!