Uxue Alberdi, ikasturteko azken tertulia literarioan

Ataria 2025eko ekainaren 12a

Uxue Alberdi, 2020an, Galtzaundiren Sormenetik saioan. J. A.

Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteak ikasturteko azken saioa egingo du irakurzaleekin; idazle elgoibartarrak 'Hetero' liburuaz hitz egingo du, ekainaren 18an, asteazkena, 19:00etan hasiko den saioan.

Udan sartu berritan, amaiera ezin hobea emango dio Galtzaundik ikasturteari, Uxue Alberdi idazle elgoibartarra izango baita azken tertulia literarioko gonbidatua. Galtzaundiren Plaza Berriko egoitzan izango da saioa, ekainaren 18an, asteazkena. 19:00etan hasiko da, eta Alberdik Hetero liburuari buruz hitz egingo du, Yurre Ugartek dinamizatuko duen tertulian.

«Araua eta arrakala. Bien arteko tentsioan ageri zaizkigu ipuin hauetako protagonistak. Emakumezkoak dira ia denak, eta gizonez ari dira, nagusiki. Haiek euren gorputzetan, memoria afektiboan eta egunerokoan utzitako arrastoez. Gizonekiko espektatibez eta dezepzioez: unean bertan egin eta esan ez ziren horiez.

Aitak —odolekoak, kulturalak, politikoak—, maitaleak, adiskideak ageri dira kontakizunotan. Tesi zuzendari, editore eta militante “idealizatuak”; hiru laguneko gorputz bakar bat frenorik gabe aldapan behera; Zarautz, Elgoibar, Kuba —“desira aplastante bat”—; whatsapp bidezko literatura lezioak; ezin bete diren promesak urpean eta naufragatzen utzitako bizi-puskak; hiltzen jarraitzen duen aita bat, alargun igerilari bat. Tarteko jendearen presentzia aztoragarria eta hizkuntzaren dardara bizia.

Zortzi istorio askotariko eta hurbileko bildu ditu Uxue Alberdik bere hirugarren narrazio liburuan».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!