Tolosaldeko ospitale publikoa

Asuncioneko enpresa batzordeak bat egin du larunbateko TOPAren deialdiarekin

Ataria 2025eko ekainaren 11

Larunbatean TOPAk egingo duten giza katearekin bat egin du Asuncion Klinikako enpresa batzordeak eta herritar oro deitu dute parte hartzera.

Asuncion Klinikako enpresa batzordeak bat egin du TOPAren larunbateko deialdiarekin, eta herritar oro deitu du mobilizazioan parte hartzera. 

Gogoratu dutenez, Eusko Jaurlaritzak Tolosan ospitale publikoa eraikitzea erabaki zuen 2019an, eta ondoren, 2023an plan funtzional bat aurkeztu zuen. Bada, plan funtzional hori «labur» geratzen da euren ustez: «ez du garbiketa-zerbitzua aipatzen, ezta sukaldea ere; ospitaleratzea ekarriko lukeen kirurgia beste ospitale batzuetara bideratuko da, eta ez da egongo pediatriako larrialdirik ezta obstetriziarik gabe». Hori erreferentziazko eskualdeko ospitale bat izatetik «oso urrun» geratzen dela uste dute. Era berean, planak ez duela Asuncion Klinikako langileekin zer gertatuko den aipatzen ere salatu dute.

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari hasierako plan funtzionala baztertzeko eta euren aldarrikapenak —%100 publikoa den ospitalea, zerbitzu guztiak dituena eta Asuncioneko langileak subrogatzea— kontuan hartzeko eskatu diote. Era berean, Osasun sailburuari eskatu diote euren eskariari erantzun eta bilera batera deitzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!