T3T, T2T eta T1T mendi lasterketak 2025

820 korrikalari izango dira T3T eta T2T mendi lasterketetako irteeran

Endika Apalategi Labayen 2025eko ekainaren 11

Aurtengo ekitaldian pasa den urteko ibilbideen noranzkoa mantenduko dute. 18 urtez azpiko korrikalariek lehiatuko duten T1T proba izango da berritasun nagusia.

Aurtengoan T3T lasterketak hamargarren urtea izango du eta T2T lasterketak zortzigarrena. «Gure ametsik onenean ere ez genuen uste hamar proba antolatzera iritsiko ginenik, eta honek lanean jarraitzeko animo ikaragarriak ematen dizkigu», esan du Iñaki Insausti antolakuntzako kideak. Igandean, hilaren 15ean, izango dira probak, Tolosako Trianguloa plazatik abiatuz eta bertan bukatuz. Antolatzaileak gogotsu daude eta parte hartzaileak ere bai. Egunean bertan T2Tko 450 dortsalak agortu ziren eta astebete inguruan T3T maratoiko 350 dortsalak. Emakumezkoen parte hartzeari dagokionez, %22 ingurukoa da T2Tn eta ia %7koa da T3Tn.

Aurtengoan pasa den urteko ibilbidearen noranzkoa mantentzea erabaki dute bi probetan. T3Tkoek Hernio igoko dute lehendabizi, eta ondoren Uzturre eta Erroizpe; T2Tkoek lehenengo Uzturre eta ondoren Erroizpe igoko dute.

T3Tko parte hartzaileak 08:45ean abiatuko dira, 43,6 kilometro eta 2.878 metroko desnibel positiboa duen ibilbidea osatuz. T2Tkoak 09:30ean irtengo dira irteera marratik, eta 24,4 kilometroko ibilbidean 1.600 metroko desnibela gainditu beharko dute korrikalariek. Ibilbideko leku esanguratsuenei dagokionez, Uzturreko gaina, Elduain eta helmuga direla adierazi du Insaustik.

T1T aurtengo berrikuntza

2019.urtean junior mailako Euskadiko Txapelketa zela eta osatu zuten lehen aldiz T1T proba, eta sei urteren buruan, 18 urtez azpiko korrikalariei bideratuta dagoen lasterketa berriz antolatzea erabaki dute antolatzaileek. «Eskualdean trail eta atletismo eskolak ditugunez, gazteei ere beraien lekua egiteko helburuarekin antolatu dugun proba da», zehaztu du Insaustik.

Beste bi probak ez bezala, T1T proba Elduaindik abiatuko da 09.30ean. Korrikalariek kasu honetan, 10 kilometro eta 600 metrotik gorako desnibela duen ibilbidea egin beharko dute, «Erroizpe mendia igo eta Tolosako helmugara jaitsiko dira», aipatu du Insaustik.

Hautagai nagusien zerrenda

Lasterketa bakoitzeko hautagai nagusiei dagokionez, T3T maratoian Sara Ugarte tolosarra eta Nerea Martinez madrildarra daude emakumezkoen artean, eta Iñaki Olano altzotarra, Aitor Zunzunegi legorretarra eta Mikel Gabirondo irurarra gizonezkoen artean. 

T2T proban, berriz, Estel Roig kataluniarra, Leire Agirrezabala ibartarra, Ainhoa Garikano tolosarra, Irati Larrañaga usurbildarra, Laiane Arrospide tolosarra eta Natalia eta Maria Navascues tolosarrak emakumezkoetan, eta Ibai Madina berrobitarra, Josu Urrestarazu idiazabaltarra, Oier Zubeldia amezketarra, Gontzal Murguitio elorriotarra, Axier Artola amezketarra eta Hodei Lujanbio goizuetarra gizonezkoetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!