Ia tolosar guztiek begiradak sanjoanetara zuzenduta dituzten arren, horietako askok eta beste batzuek egutegian ondo gordeta dute ere ekaineko azken asteburua. Izan ere, San Joan jaien atzetik etorri ohi da Tolosand Blues jaialdia. Aurten, hilaren 26tik 29ra ospatuko da 21. edizioa. Zenbait hitzordu izango dira herriko txoko desberdinetan; guztira, zortzi kontzertu, bost plazatan banatuta, denak ere, doan. Udaz eta musikaz gozatzen jarraitzeko aukera izango da, beraz, Tolosan.
Goiuri Ezeiza kultura zinegotziak «jaio zenetik herrian errotu den jaialdia» kontsideratu du Tolosand Blues: «Lehen ediziotik erantzun zuten tolosarrek, eta jada bi hamarkada baino gehiagoko ibilbidea egin du. Urtero bezala, jendearen blues gogoa aseko du aurten ere, sona handiko musikarietatik hasi, eta izen berriagoetara edo gazteagoetaraino». Iñigo Martin jaialdiaren koordinatzaileak gogora ekarri du «Euskal Herriko bigarren jaialdi zaharrena» dela, eta «guztiz sendotuta» dagoela nabarmendu du.
Blues garaikideko figura handiak eta proposamen berriak uztartuko ditu aurtengo edizioak, artista ezagunak nahiz tokiko proiektuen ordezkaritza zaindua. Antolatzaileek, publiko zabalari zuzendutako programazioa prestatu dute. Ezeizak aurreratu du «izar handi bat» etorriko dela Tolosara. Martinek berretsi egin du, eta gaineratu du «herritarrak harrituko dituzten artista gehiago» ere izango direla aurtengo edizioan.
Bost egunez, Tolosako plaza eta txoko enblematikoak gitarraz, ahots urratuz eta zuzeneko bluesaren emozioz beteko dira. Aurtengo kartelean, Shawn Pittman, Susan Santos, The Cinelli Brothers eta Beiztegui & The Hammond Lovers artista ezagunak izango dira; baita tokiko proiektuen ordezkaritza zaindua ere.
Aurten, baina, bada nobedade bat, eta handia. Lehenago Tolosan inoiz egon gabeko taldeak ariko dira jaialdiaren 21. edizioan. Ahots berriak, beraz, herritarrentzat. «Reset egitea pentsatu genuen. Hiruzpalau urtez behin errepikatu izan dute artistek, baina aurten ez genuen halakorik nahi. Hori ez zen seinale txarra, batetik, beti kalitate handiko taldeak elkartzen genituelako Tolosara, eta bestetik, beraiek berriro itzultzeko gogoa izaten zutelako. Orain arte ikusi ez diren aurpegi eta taldeak bildu nahi genituen, beste urteetan etorri izan diren taldeez gain ere badagoelako kalitatea. Demostratu nahi genuen kalitatezko jaialdi bat egin daitekeela aurrez inoiz izan gabeko taldeak, kalitatezkoak noski, Tolosara ekarriz», azaldu du Martinek.
EGITARAUA
Talde bakoitzaren azalpenekin batera, Iñigo Martinen iritzia
- Ekainak 26, osteguna
- 20:00. Trianguloa plaza. Ibai Garcia Blues Project.
- Ibai Garcia gitarra-jotzaile eta konpositore barakaldarrak bere lehen LPa, Chasing the blues, aurkeztuko du, blues-rocka eta soul ukituko ñabardurak uztartzen dituen kalitate handiko banda baten buru. «Euskal Herrian dagoen gitarra-jotzaile onenetakoa da».
- 20:00. Trianguloa plaza. Ibai Garcia Blues Project.
- Ekainak 27, ostirala
- 19:30. Gipuzkoa plaza. Beiztegui & The Hammond Lovers.
- Abizena euskalduna badu ere, Granadatik dator. «Pasio hutsa taula gainean Fernando Beiztegui bluesman andaluziarraren eskutik, hammond zaporea eta sentimendua duen hirukote indartsu batekin batera. Gitarrarekin duen maisutasunak eta ahots urratzaileak ezinbesteko bihurtu dute blues jaialdi askotan. Azken urteetan ezagutu dut, bere izena entzunda neukan, baina ikusi nuenean, 'Tolosara ekarri behar dugu' esan nuen».
- 23:00. Txurreria. Bigblack Rhino.
- 2014an Gironan sortutako talde honen lehen lana, Come Back Home (2016, autoeditatua), musika beltzez, pasioz eta, batez ere, oso estilo bereziz bustitako EP bat izan zen, publikoa axolagabe utzi ez zuena, eta soularen gozotasuna rockaren eta rythm & bluesaren azidotasunarekin nahasten zuen. «Nuria Mancebo da taldeko front-woman-a, eta ahots bikaina dauka. Indar handia erakusten du oholtza gainean. Aurtengo sorpresatako bat izango da».
- 19:30. Gipuzkoa plaza. Beiztegui & The Hammond Lovers.
- Ekainak 28, larunbata
- 13:00. Lopez-Mendizabal pasealekua. Slow Times.
- 2016an sortu zen Zarautzen, Iker Urkiri gitarristaren proiektu gisa. «Hainbat formazio izan ditu, baina egungo laukoteak agertokian energia, sentsibilitatea, dotorezia eta soul dosi handia eskaintzen du. Texasko eta Chicagoko bluesa, swing-a eta rock & roll klasikoa nahasten dituzte, eta horrek zuzenean oso estilo berezia ematen die. Doinu estandar eta klasikoak eskainiko dituzte, 60ko eta 70eko hamarkadetakoak, eta dantzarako aproposak».
- 19:00. Plaza Berria. Susan Santos.
- Badajozen jaiotako baina aspaldian Madrilen bizi den Susan Santos gitarra-jotzailea egungo ospetsuenetakoa da. «Bere estilo ausarta eta indartsua blues eta rock estiloetan murgiltzen da. Bere parte hartzea ohikoa da Ingalaterran, Frantzian zein Herbehereetako jaialdietan, bertako zaleen lilura eta harridurarako. Guztira, sei disko argitaratu ditu, eta Tolosan bere azken lana, Skin&Bones (2024), aurkeztuko du. Ohi bezala, hiruko formazioan iritsiko da, eta esan beharra dago, zuzeneko indartsuak eta energiaz betetakoak eskaintzen dituela».
- 22:30. Plaza Berria. Shawn Pittman.
- Oklahomatik, Texasko bluesaren kondaira bizia. Shawn Pittmanek bere estilo berezia ekarriko du Tolosara, The Özdemirs talde alemaniarrarekin eta Paul San Martin artista gonbidatuarekin. Ibilbide oparoko artista da –1996an grabatu zuen lehen diskoa, 22 urte zituela–, eta Matt Guitar Murphy, Hubert Sumlin edo Lou Ann Barton bezalako artistekin lan egin du, bai eta B. B. King ospetsuaren hasierako artista gisa ere. «AEBtan dagoen onenetakoa da, eta ondorioz, mundu mailan onenetakoa. Bigarren aldia izango du Gipuzkoan; duela hamar urte inguru Hondarribiko jaialdian izan zen. Aurtengo kartelburua eta izarra da. Ekartzea kostatu da, baina azkenean, gurean izango dugu».
- 13:00. Lopez-Mendizabal pasealekua. Slow Times.
- Ekainak 29, igandea
- 13:00. Trianguloa plaza. Maria Carbonell Blues Mood.
- 2024an Bartzelonako Blues Elkartearen X. Blues Lehiaketan sortzen ari den blues talde nazional onenaren saria eskuratu zuen talde valentziarra. «Taldeak ez dio soilik AEBetako musika beltzari gorazarre egiten, baizik eta berrasmatzera ere ausartzen da. Bere proposamen fresko eta zirraragarriak moldeak apurtzea eta bluesaren ondarea belaunaldi berriei hurbiltzea lortzen du, eta genero honen botereak bizirik eta etengabeko bilakaeran jarraitzen duela erakusten du. Mariaren ahotsa zoragarria da, eta kontuan hartzeko emanaldia izango da».
- 20:00. Plaza Berria. The Cinelli Brothers.
- Cinelli anaiak, Marc (abeslaria eta gitarra-jotzaile nagusia) eta Alessandro (bateria-jotzailea), buru dituen talde britainiarrak 60 eta 70eko hamarkadetako Chicagoko eta Texasko blues elektrikotik edaten du, eta bluesa, soula eta rythm & bluesa uztartzen dituen zuzeneko ikuskizun indartsuagatik nabarmentzen da. 2023ko UK Blues Awards sarietan Urteko Blues Banda kategorian izendapena jaso zuten. «Festa amaiera itzela izango da. Etengabe aldatzen dituzte instrumentuak, eta zuzeneko indartsua, oso dinamikoa eta dantzagarria izango da».
- 13:00. Trianguloa plaza. Maria Carbonell Blues Mood.