Tolosaldeko ospitale publikoa

TOPAk konponbideak eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzari

Ataria 2025eko ekainaren 11

Larunbatean giza katea egingo dute, '14 urte borrokan noiz arte?' lelopean. Trianguloan elkartuko dira 12:00etan, eta Zerkausia, Naparzubia eta Zubiberria lotuko dituzte.

Duela hamalau urte, Osakidetzak eta Asuncion Klinikak sinatutako hitzarmenarekin Tolosaldean «osasungintza pribatizatzeko plana» jarri zela martxan adierazi du TOPA plataformak. «Helburua espezialitateen anbulatorioa desegitea eta Asuncion Klinikak artatzea zen, baina herritarrok mugitu egin ginen eta asmo haiei aurre egin genien; hala, espezialitate batzuk baino ez ziren pasa klinikara», esan dute. 14 urte geroago, eta 14 urte borrokan noiz arte? lelopean, giza katea egingo du plataformak, larunbatean, hilak 14. Trianguloan elkartuko dira, 12:00etan, eta Zerkausia, Naparzubia eta Zubiberria lotuko dituzte.

Plataformatik esan dute hitzarmena luzatu egin dutela «batere kontuan izan gabe klausula batzuk ez dituela betetzen; esaterako, homologazioarena, izan ere, homologatu gabeko espezialistak ari dira lanean». Diotenez, behin baino gehiagotan salatu dute egoera hori.

«Eusko Jaurlaritzak urtetan egoera prekarioa ukatu ostean, EAJk onartu zuen Tolosaldeak ospitale publikoa behar zuela, eta 2019an, hauteskundeetako promes gisa, Tolosan ospitale publikoa egiteko konpromisoa hartu zuen», gogoratu dute. TOPAtik baina, Tolosalderako aurreikusitako proiektua ezin dela gainerako eskualdeetakoekin alderatu salatu dute. «Gaur egun, gainera, ez dakigu ezer Tolosaldeko Osasun Planari buruz, ez daukagu inolako informaziorik, Osasun sailburuak ez digu plan horri buruz ezer erantzun, nahiz eta TOPAk, Tolosaldeko alkateek eta Klinikako enpresa batzordeak eskatu».

Bada, eta «urte gehiegi» igaro direla kontuan hartuta, «konponbideak emateko» eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. «Zergatik ez Asuncion Klinika publifikatu eta langileak subrogatu? Borondate politikoa besterik ez da behar horretarako. Noiz arte eduki behar dute Tolosaldea eskualdeko ospitale publikorik gabe? Eta bitartean, zer?».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!